Asteazken honetatik aurrera bilbotarrek sei kilometro baino gehiagoko ibilbide seguru berri bat dute, izan eren, Artxandako Begiratokiko pasealekua inauguratu berri da. Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Saileko zinegotzia eta udal korporazioko beste kide batzuk, Juan Mari Aburtorekin batera inauguratu dute espazio berri hau.
Han izan dira, baita ere, Xabier Zubiaur Sondikako alkatea, Bilbok hitzarmen bat sinatu baitzuen udalerri horrekin 2021eko martxoan, Artxanda Aktibatzeko Plana, hain zuzen.
Plan horren xedea da inguru hura eraldatzea eta elkartzeko gune baten moduan berreskuratzea hiriarentzat eta Bizkaiko lurralde historikoarentzat. Dagoeneko abian jarri dira zenbait obra eta proiektu plan horren barruan, hala nola Topaleku parkea lizitatzea, Eraztun Berdea eta Itsasadarra lotuz zurezko bi zaldain eginaraztea, Nogaro erostea, edota Pike, Bagatza eta Egirletako partzelen kontzesiorako proposamenak lantzea, Udalak eginarazitako Merkatuko aldez aurreko Kontsultaren ostean.
Izan ere, ibilbide berriak Aktibazio Planaren aukera eta gozamenerako gune guztiak batzen ditu: Ibarrekolandatik, Bagatzatik, Ostalaritza Eskolatik, Hatz-markaren Parketik, Topakaleku Parketik, Nogarotik, Piketik (bertan abentura parke bat egongo da tirolinekin), Santo Domingoko etorkizuneko ingurumen espaziotik...
OINEZKOENTZAKO IBILBIDE SEGURU BAT ETA IKUSPEGI PRIBILEGIATUAK
Begiratokiko pasealekuaren lanak 2021eko azaroan hasi ziren, eta BI-3741 errepidea oinezkoen ibilbide seguru batez hornitutako hiri-eremu bat bihurtu dute, egoteko leku eta begiratoki berriak ere badituena.
Ibilbide berri hau Artxandan dauden lursail, instalazio eta ekipamenduetara (eta izango direnetara) sartzeko bide moduan baliatu ahal da, eta, gainera, erlaitz gaineko pasealeku bat sortu da oinezkoentzat, zeina, zatirik handienean, bidea doan plataforma beraren gainean baitoa.
Alde horretatik, bada, era bateko eta besteko zirkulazioak antolatu dira (oinezkoendako zein ibilgailuendako), eta ingurua irisgarritasun hobeaz hornitu, Bilboko eta Bizkaiko herritarrek hura areago erabil eta goza dezaten.
Oinezkoen eta ibilgailuen erabilera uztartu beharrez, baretu egin da ibilgailuen zirkulazioa jarduketaren eremu osoan. Horretarako, Bilboko Udalak estutu egin ditu hiru erreiak, hiru metrorako zabalerara arte, eta mugatu egin du abiadura ibilbide osoan, 30 km/h gehienezko abiadura ezarriz, salbu eta Nogaroko eta Truebako biribilguneen arteko tartean, non 20 km/h izango baita gehienezko muga.
Era berean, radar pedagogikoak ezarri dira zirkulazioaren bi noranzkoetan, eta semaforoak ere bai Berrizko, Nogaroko eta Truebako hiriguneetako oinezkoen pasaguneetan.
Horrez gain, Berrizko eta Nogaroko hiriguneetan, bai eta Nogaroko eta Truebako biribilguneen arteko tartean, berritu egin da galtzadako zoladura, tarte horiei hiri-izaera ematearren eta oinezkoen zirkulazioari lehentasuna ematearren.
Aldatu egin dira bideetako zoru-markak, eta oinezkoentzako ibilbide bat sortu da, hormigoi drainatzaile berdezkoa, Egirletako noranzkoan, eskuinaldeko bide-bazterrean; bereizita dago galtzadatik, eta, horretarako, zoladura aldatu da, eta hesi bat ezarri, barrutik metalezkoa eta zurez estalia.
Atseden hartzeko lekuak sortu dira, jarlekuz hornituak, ibilbide osoan zehar, eta berritu egin dira lehendik ziren begiratokiak, eta, aldi berean, berriak ere egin dira. Halaber, begiratoki berri bat ipini da Nogaroko biribilgunearen inguruetan. Zurezko egitura bat da, Pikotamendikoaren antzekoa, eta, hala, natur inguruaren estetikari eutsi zaio ibilbide osoan zehar.
Txirrindulariak ibiltzen direla ohartarazten da bidean bertan, erreia seinalatuz bizikletaren irudia daramaten seinale termozigilatuekin.
Hobetu egin da, halaber, argiteria, nahiz oinezkoen ibilbidean, nahiz bidean bertan; eta, halaber, euri-uren, ur beltzen eta saneamenduko uren sareak berritu dira.
Artxandako Begiratokiko pasealeku berriak 3.797.320,01 euroko aurrekontua (BEZa aparte) izan du. Proiektuak Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) finantzaketa izan du. Zehazki, 1. osagaiari (hiri-inguruneetan eta metropoli-inguruneetan mugikortasun jasangarri, seguru eta konektatuaren talka-plana), 1. inbertsioari (emisio txikiko eremuak eta hiri-garraio metropolitarraren eraldaketa digital eta jasangarria) atxikitako jarduketa da, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak kudeatua.