Bilboko Udalak Artxandako Topaleku Parkearen lehen faseko obren lizitazioa atera du lehiaketara. Jolasgune berri hau Artxanda Aktibatzeko Planaren barruan dago kokatuta. Udalak adierazi duen modura, ia 8 hektareako eremua hartuko du, triangelu itxurakoa, eta aisiarako eta aisialdirako erreferentziazko gune izan nahi du.
Lehenengo fase honetan planteatutako jarduketak egiteko 3.134.760 euroko lizitazio-aurrekontua dago (BEZ barne) eta, horietatik 2.525.000 euro Europako funtsekin diruz lagunduko dira –Jasangarritasun Turistikoa Helmugetan 2021 izeneko lerroaren barruan–.
Lanak adjudikatu ondoren, bederatzi hilabeteko epean egitea aurreikusten da.
Proiektuaren helburua ingurune horren balioa nabarmentzea da, eta berriz ere erakargarri egitea, batez ere familientzat, izaera berritua emanez, sarbideak erraztuz, oinezkoari eta garraio publikoari lehentasuna emanez eta, besteak beste, haurrentzako jolas-eremu berri bat sortuz. Bigarren fasean, berriz, ibilbide botanikoa izango duen berotegi bat eta urmael bat egingo dira.
Juan Mari Aburto Alkateak eta Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako zinegotziak esku-hartzearen xehetasunak aurkeztu dituzte gaur goizean, eta, gainera, Aktibazio Planaren esparruan abian dauden obren aurrerapen mailaren berri eman dute.
Topaleku parkea Artxandako iparraldeko hegaleko punturik garaienean kokatuko da, Bilbo eta Sondika udalerrien arteko mugan.
Ia 8 hektareako eremua hartuko du, triangelu itxurakoa. Hauek dira hirukiaren ertzak: San Roke bidea ekialdean, iparraldean eta mendebaldean, eta Aretxabaleta eta Artxandamendi bideak hegoaldean.
Hain espazio zabala izanik, parkea inguratzen duten bide eta errepideetan zein parkearen barruan egin beharreko lanak sei eremu bereizitan eta ondoz ondoko hainbat fasetan egituratuko dira, trafikoa uneoro mantendu ahal izateko eta ibilgailuei eta oinezkoei ahalik eta gutxien eragiteko.
Umeen jolasak
Parkearen iparralderen eta errepidetik urrunen dagoen eremuan, haurrentzako jolas-eremua kokatuko da. Elkarri lotutako lau espazio izango ditu:
- Jolasen lautada (zona gorria): Salto egitekoak edukiko ditu (haietako bat, laukizuzen formakoa, gurpil-aulkian erabili ahal izateko modukoa), txirrista, hamaka eta soka multzoa, eskalatzeko rokodromoa, zubiak, eskalatzeko sareak, eta poligono-oina duen zabu taldea (hamahiru eserlekukoa).
- Basoa mendi-hegalean eta txirristak (zona laranja):Mendi-hegalaren maldak aprobetxatuz, bi pasabide horizontal jarriko dira, eta horietatik hamaka mota desberdinak zintzilikatuko dira. Pasabideetatik luzera eta malda desberdineko bost txirrista abiatuko dira. Modu berean, salto egiteko bi jarriko dira, borobilak.
- Zuhaiztia eta soka-jolasak (zona berdea):Aldapa leunago batekin, elementu esekien ibilbide bat instalatuko da, tamaina handiko 22 zuhaitz aprobetxatuz (gehienak platanoak, ezkiak eta lizarren bat dira), eta horiei 40 zutoin tartekatuko zaizkie, hiru jolas-multzo osatzeko: sareak, sokak, zubiak, hamakak...Modu berean, salto egiteko bi jarriko dira, borobilak.
- Tirolinak eta zabuak (zona urdina):Azken zonan bi tirolina bikoitz egongo dira, 28 eta 33 metrokoak hurrenez hurren, baita sostengu-habea daukaten bi zabu ere. Eserleku lau bat, sehaska formako bat, habia formako bat eta hamaka formako eserleku bat (mugikortasun murriztuko umeentzat) edukiko dituzte.