Buscar
Gipuzkoa

Artzain kulturari omen

Berastegiko Udalak eta herritar taldeak egindako aurkezpen ekitaldia. | ARGAZKIA: N.G.
Berastegiko Udalak eta herritar taldeak egindako aurkezpen ekitaldia. | ARGAZKIA: N.G.

Arkumea balioan jarri, eta bere kontsumoaren inguruan hausnartu eta gozatzeko festa antolatu du Berastegiko Udalak, herritar talde batekin batera. Hainbat jarduera antolatu dituzte martxoaren 3tik 5era, artzaintza ardatz dutenak guztiak: adituen eskutik mahai-ingurua, bordara bisita, artzain gazteekin haurrentzako saioa, gastronomia eta musika uztartuko dituen azoka, Gazpio gaztandegira bisitak, aire libreko museoa edota arkume jatea.

Berastegiko artzain kulturan aurrerapausoak emateko, festa eta arkumea uztartuko dituzte egun horietan. Arkumea izango da lehen lerroko protagonista, baina horren atzetik dagoen artzaintza kultura ez dute alde batera utziko. Antolatzaileen hitzetan, “zerbait dinamikoa eta berritzailea” sortu nahi izan dute, “Berastegi mapan kokatu eta herriak artzaintzarekin duen lotura erakusteko”.

Izan ere, Berastegiko Udala lanketa berezia egiten ari da azken urteetan artzaintzaren inguruan. Duela urtebete argitaratu zuen Josu Ozaita antropologoak Be! Berastegi. Belarra. Beeee izeneko liburua, Berastegiko ukuilu eta etxeetan barrena ibili eta herriko artzainak elkarrizketatuz osatutako liburua. Bide horretan sortu zen Artzain Mahaia herriko baserritarrekin eta foro horretatik sortu da BE! Artzain kultura asteburua antolatzeko ideia.

Horrela, martxoak 3, ostiralez, Hausnartu eta ekin jardunaldiak izango dira udaletxean; esperientziak aurkeztu eta artzaintza eta arkumeari buruzko mahai-inguruak izango dira eta, azkenik, afaria. Martxoaren 4an, larunbaterako egun osoko egitaraua iragarri dute. Goizean Berastegiko bordetara bisita egingo dute, haurrentzat gazta kultura ikastaroa herriko artzain gazteen eskutik, eta arratsaldean postu gastronomikoak eta musika izango dira. Martxoaren 5ean, igandez, Gazpio gaztandegira bisitak, herrian zehar Artzain kultura ibilbidea eta arkumea burruntzian erreko dute bazkari erraldoi eta musikarekin amaitzeko. Zenbait ekitzetan aurrez izena eman beharko da.

2023-02-14T06:51:02+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo