Hasi dituzte Andoainen Otieta tunela egonkortzeko lanak eta sei asteren buruan amaitzeko aurreikuspena dago. Ekainaren 17tik itxita dago herrian gehien erabiltzen den tunela goikaldean izandako luizi baten ondorioz.
Gertakarian kalte pertsonalik ez zen izan, baina udal-teknikariak arduratu dira denbora honetan lur-jausiaren nondik norakoak ebalua-tzeaz, geologia eta gertakariaren forma ezagutzeaz eta tunelaren egituraren egoera ezagutzeaz. Egiaztatu da eragina ez dela tunelaren osotasunean hedatzen, eta soilik luiziaren ingurunean zentratzen dela. Zerbitzuetako zinegotzi Mari Jose Izagirrek azaldu duenez, “konponketak lehentasuna izan du, baina euste-lanak ez dira errazak, eta ezin izan dira jarduerak eta uda garaia uztartu”, horregatik, gogorarazi du “behin-behineko babes elementu bat diseinatu zela, euste-funtzioa bete duena eta erabiltzaileei tunela segurtasunberme hobeekin zeharkatzeko aukera eman diena”.
Itxita tunel erabiliena
Itxita dago, beraz, Andoaingo tunel erabiliena, eta erabiltzaileek ibilbide alternatiboak erabili beharko dituzte, hala nola, Lizarkolakoa.
Andoaingo Udalak Construcciones Zubiederri adjudikatu dizkio lanak, 40.000 euroko aurrekontuarekin. Tunelak adreilu porotsuko estaldura du gangan, eta, horri esker, ura iragazi eta isuri egiten da. Denborarekin, estalkia hondatu egin da eta ur-fluxua handitu egin da.
Eremua hobetzeko, hondatutako zatia drainatzea eta iragazgaiztea izango dira jarraitu beharreko urratsak, bai eta elkarren ondoan eta hurbil dauden beste bi eremutan ere, etorkizunean gerta daitezkeen kalteak saihesteko.
Egungo estaldura eta balizko material ezegonkorrak kenduko dira. Proiektatutako hormigoizko geruza batzuekin eta altzairuzko zuntzarekin zigilatuko da ganga, baita erretxinarekin ainguratutako buloi batzuekin ere. Drainak egingo dira gangaren bi aldeetan, eta ura hodi horietatik jaitsiko da egituraren oinean dagoen arekaraino. Behin egonkortuta, dentsitate handiko polietilenozko xafla iragazgaitz bat jarriko litzateke, ura gangan barrena berriro sar ez dadin.