Bizkaia

Aste Nagusiko informazio guztia sare sozialetan, webgunean eta Bilboko aplikazioan eskainiko da

Aplikazioak zenbait zerbitzuren geoposizionamendua eta geolokalizazioa eskaintzen ditu: komunak, taxiak, kontzertuetan dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako gordetako guneak besteak beste
Marijaia.

Aurten ere, Bilboko Udalak hiritar guztiei informazio guztia helarazi nahi die Aste Nagusiko programazioaz guztiz gozatzeko.

Jai-egitarauaren 100.000 egitarau baino gehiago banatu dira urian, baina, hala ere, Udalak gomendatzen du «Bilbao Aste Nagusia 2022» aplikazio ofiziala jaistea, informazio eguneratu osoa berehala kontsultatu ahal izateko. Doako gida da, eta aukera ematen du Bizkaiko hiriburuan antolatutako jarduera guztiak kontsultatzeko, bilaketa espezifikoak egiteko ekitaldika, jarduerak pertsonalizatzeko norberaren gustu edo lehentasunen arabera, eta ekitaldiak mapa batean kokatzeko.

Horrez gain, ekitaldiak kokatu egin daitezke, GoogleMapsen geoposizionamenduari eta geolokalizazioari esker, zeinak ahalbidetzen baitu mapan hainbat zerbitzu bistaratzeko: komunak, taxiak, kontzertuetan dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat gordetako guneak eta abar. Era berean, aplikazioarekin erraldoi eta buruhandien ibilbideen jarraipena egin ahalko da, denbora errealean.

Aplikazio mugikorrak, bestalde, Bilbo Hiria Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketaren gaineko informazio guztia jasotzen du, eta, gainera, botoa emateko, eta botoa ematen parte hartzeagatik banatutako sarietarako aukera ere ematen du. Esandako guztiaz gain, informazio orokor interesgarria ere eskuratu ahal dute herritarrek bertan; besteak beste, larrialdietako arreta-telefonoak eta garraioei buruzko informazioa praktikoa.

Formatuari eta edukiari dagokionez, aplikazioa irisgarritasun unibertsalaren irizpideekin diseinatu da: irakurketa errazeko formatua dauka, eta hizkera argi, soil eta zehatza darabil, osagai bisualekin lagunduta. Horrela, bada, herritar guztiek izango dute aukera informatuta egoteko, baita adina, prestakuntza, hizkuntza-trabak edo beharrizan zehatzak direla-eta ulermen-arazoak dituztenek ere.

Aplikazioa AppleStoretik (iOS sistemadun gailuetarako), PlayStoretik (Android gailuetarako) eta QR kodetik deskargatu daiteke. Azken hori jai-egitarauan, eta urian zehar jarritako 6 totemetan dago (Europa parkea, Abandoibarra, Casilda Iturrizar parkeko pergola, Plaza Barria, Gas plaza eta Arriaga plaza).

ASTE NAGUSIAREN JARRAIPENA SARE SOZIALETAN

Sare sozialak dira Aste Nagusiaren egunerokoa jarraitzeko beste bide arrakastatsuenetako bat. Udalak argazki, bideo eta testuekin elikatuko ditu sare sozialetako bere kontuak: Bilbao Udala, Bilbao Jaiak, Bilbao Turismo, Bilbao Kultura…

Horrela, bada, kontu ofizialak jarraituta, herritarrek egun bakoitzeko jarduera nabarmenen garapenaren berri jaso ahalko dute, oso modu dinamiko eta bisualean.

IRUDIAK ETA IKUS-ENTZUNEZKO EDUKIAK, UDAL WEBGUNEAN

Udaleko webgunean atal espezifiko bat egokitu da, Aste Nagusiari buruzko informazio guztia batzeko.

Jaiegunetan zehar, beraz, web-orri hori informazio-ataria izango da, eta bertan bilduko dira Aste Nagusian sortuz doazen berri interesgarri guztiak. Jarduerei buruzko informazioarekin batera, argazkiak eta bideoak bezalako ikus-entzunezkoak egongo dira. Bestalde, web-atarian, jai-egitaraua kontsultatu edo deskargatzeko gune bat ere egongo da.

Eta, webgunearen edukiez gain, Udalak harpidedunei bidaltzen dizkien newsletterak —informazio-buletinak— egongo dira: sistema eroso eta erraza, informazioa emandako helbide elektronikoan zuzenean jasotzeko.

INFORMAZIO-PUNTU PRESENTZIALAK

Nahi dutenek presentzialki jaso ahalko dituzte argibideak, Jaietako Sailean (Aznar eraikina), Txikigunearen standean edo Plaza Biribileko —Terminus eraikina— zein Guggenheim Bilbao Museoko turismo bulegoetan.

Azkenik, jaiei buruzko kontsulta zehatzetarako, Udalak herritarrei gogorarazten die 94 4010 010 / 010 zenbakira deitu ahal dutela.

17/08/2022