Astearte honetan goizean, abuztuak 16, datorren larunbatean hasiko den Aste Nagusiko mugikortasun, garraio publiko, osasun eta kontsumoaren arloetako operatibo berezia aurkeztu egin du. Honako hau izango da:
Zirkulazioa eta garraio publikoa
Aurreko edizioetan bezala, Areatzako jai-esparru osoan trafikoa aldatuko da, segurtasun arrazoiengatik.
Trafikoa guztiz moztuko da abuztuaren 18ko (eguena) 8:00etatik 30eko (martitzena) 15:00ak arte Zingira, Epaltzaren Alarguna, Areatza eta Erribera kaleetan.
Baimendutako ibilgailuak Zingira kaletik (Ernesto Erkoreka plazatik) sartuko dira Areatzako jai-esparrura, eta Erribera kaletik irten. Jai-esparruan ezin izango da ibilgailurik aparkatu, zamalanetarako orduetan izan ezik.
Horrez gain, Aste Nagusiko arratsalde-gau guztietan, abuztuaren 20tik (zapatua) 27ra (domeka) bitartean, mugatutako jai-esparru hori ondoko eremu batzuetara zabalduko da, hala nola, Plaza Biribilera eta Bailen kalearen amaierako zatira: egunero itxiko dira 19:00etatik aurrera, hurrengo eguneko 04:00ak arte (Plaza Biribila) eta 8:00ak arte (Bailen kalea), gutxi gorabehera.
Zirkulazioa etengo da, modu berean, eguneroko beste ikuskizun batzuetan: su artifizialak, Europa parkeko kontzertuak, Txikiguneko kontzertuak, eta zenbait jai-ekitaldi, hala nola Balearen desfilea, Hiri Krosa eta Goitibeheren jaitsiera.
Egun horietan, asko edo gutxi, Bilbobusen 24 lineari eta Bilbao City Tour autobus turistikoari eragingo diete jaietako trafiko-etenaldi horiek.
Halaber, jaietako ostiralean Bilbobusen eskaera handia aurreikusten denez, zerbitzua larunbat arrunt batekoa izango da (58. linea izan ezik: 20 minutuko maiztasuna izango du).
Modu berean, gauero hainbat linea indartuko dira su artifizialak amaitzen direnean. Gauero Gautxori zerbitzua eskainiko da (19an, barikua, eta 28an, domeka, zerbitzua 02:00etan amaituko da).
Informazio guztia jaso ahalko da 010 zenbakira deituta (944010010, Bilbotik kanpo deituz gero) edo udalaren webgunean sartuta.
Bestalde, aurten ere Artxandako Funikularrak ordutegia 24:00etara arte luzatuko du, aurreko urteetan Aste Nagusian egin duen bezala, abuztuaren 20tik (zapatua) 27ra (zapatua) bitartean, nahi duten guztiek su artifizialak Artxandatik ikusi ditzaten.
Bilbaobizi, bizikletak mailegatzeko zerbitzua, bertan behera geratuko da abuztuaren 20tik, zapatua, 28ra, igandera, biak barne. San Agustin eraikinean dagoen informazio-bulegoa zabalik egongo da, betiko ordutegiarekin.
Gainera, zirkulazioaren aldaketen ondorioz, taxi geltoki batzuk lekuz aldatuko dira.
Azkenik, Bilbora euren ibilgailuan datozenei ere honako hau gogorarazten zaie: jai-esparruak itxiko direnez, aparkatzeko ohiko eremu batzuk lekuz aldatuko dira.
Segurtasuna dela-eta, Udaltzaingoak ordutegi horiek aldatu ahal izango ditu, ekitaldietara etorritako jende kopuruaren arabera.
Ingurumena
Aurreko urteetan legez, Bilboko Udalak operatibo berezia jarriko du abian. Txosnetako eta ostalaritzako lokaletako soinu-ekipoak kontrolatuko ditu, kutsadura akustikoaren arloan indarrean dauden ordenantzak betetzen dituztela ziurtatzeko.
Ildo horretatik, aurten ere aurreko edizioetan egindakoari jarraituko zaio, eremuak eta haientzat ezarritako zarata-mailak kontuan hartuta.
Hartara, kalean ingurumeneko ikuskatzaileak jartzeaz gain, soinua programatzeko eta kontrolatzeko sistema zentralizatua ezarriko da, bolumena mugatzeko aparatuekin; gailu horiek Ingurumen Saileko udal bulegoetako ordenagailu zentralera konektatuta egongo dira, eta hor ikusiko da ezarritako mugak betetzen diren.
Osasuna eta kontsumoa
Azkenik, aurreko urteetan legez, Osasun eta Kontsumo Sailak txosnetan eta jai-esparruko beste establezimendu batzuetan banatzen diren edarien eta elikagaien higiene- eta osasun-egoera ona zainduko du.
Ildo horretan, instalazio horietan lan egingo duten pertsonei elikagaiak manipulatzeko ikastaroak eskaini zaizkie, baita alergiei eta elikagaien aurreko intolerantziei buruzko informazioa ere.
Txosnen titularrek memoria sanitarioak epe barruan aurkeztu beharko dituzte. Establezimenduen ezaugarriak, instalazioen ezaugarriak eta jarduerak azaldu beharko dituzte, besteak beste.
Informazio hori aztertuko da eta instalazioak osasun-arauei egokitzeko beharrezkotzat jotzen diren aldaketak proposatuko dira. Gero, jai-esparrua inauguratu aurretik, lehenengo ikuskapena egingo da, zeinetan bi albaitarik eta bi laguntzailek parte hartuko baitute. Ondoren, aldian behin ikuskapenak egingo dira txosnak irekita dauden denbora guztian.
Gainera, Aste Nagusian zehar hiri osoan dauden janari-establezimenduak ikuskatuko dira, kontrol-jarduera arrunta eginez.
Jendeari gogorarazten diogu baimenik gabeko kale-postuetan saltzen den janariak ez duela honelako kontrolik gainditzen, zeinak salgai dauden produktuen segurtasuna bermatzen baitu. Beraz, gomendatzen dugu janaririk ez erostea halako postuetan.
Era berean, Osasun eta Kontsumoko teknikariek desinfektatzeko eta intsektuak hiltzeko lanak burutuko dituzte ekipamendu mugikorren bidez, garbiketa-zerbitzuek lan egiteko zailtasunak dituzten eremuetan (arkupeak, etxabeak, etab.), produktu desinfektatzaileak eta usaina kentzekoak aplikatuz.
Azkenik, aurreko urteetan legez, Osasun eta Kontsumo Sailak droga eta alkohol kontsumoari buruzko informazioa eskainiko du jai-esparruan dauden karpetan.