Bi-Tartean merkatari elkarteak Merkealdia Kalera egitasmoa aurkeztu zuen atzo eguerdian. Datorren asteazkenean egingo dute, 10.00etatik 20.00etara (eguerdian ez da itxiko), Zelai Arizti pilotalekuko karpan. Hainbat merkatarik denda kanpoan egingo dute. Euria iragarriko balitz, uztailaren 20an egingo litzateke.
Hamabi merkatari egongo dira Zelai Ariztiko karpan eta beste 17 merkatarik denda aurrera aterako dituzte euren dendetako gaiak. Guztira 27 izango dira parte hartzaileak. Karpan, Alex Kirolak, Naif, Kuxkux, Ezpeleta argidenda, Marai&NKN, Bidegorri, Titare, Stylo Gorane Dominguez, Aitxu, Kuttun eta Beloki, Opticalia Urretxu egongo dira.
Produktuak denda aurrera aterako dituztenak, berriz, Julita mertzeria, ATA harategia, Mari mertzeria, Baby, Urdangarin burdindegia, Otxaran, Santa Cruz margoak, Natalietta, Oskarbi, Mentxu y Yone, Arku, Doss, Amane, AM mertzeria, La Perla Etxea, Xarmanki eta Aitxu izango dira.
Merkealdia Kalera egitasmoan parte hartuko duten merkatariek txartelak banatuko dituzte goizean zehar 20 euroko gastua egiten duten bezeroen artean. Eguerdian paella errazioak banatuko dituzte txartelen truke.
Ekitaldiak
Gainera, egun osoan zehar ekitaldiak egongo dira Zelai Arizti parkean: musika entzungo da megafonia bidez egun guztian zehar, haurrentzako puzgarriak egongo dira 10.00etatik 13.00etara eta 17.00etatik 19.00etara eta 19.00etan Txan Magoaren ikuskizuna egongo da.
Merkealdia Kalera ez da Bi-Tartean merkatari elkarteak eskuartean duen egitasmo bakarra. Duela aste batzuk praka bakero zaharrak jaso zituen eta Mairi elkartea mantalak egiten ari da praka horiekin.
Mantal horietako batzuk bi herrietako elkarteei oparituko dizkiete. Mantal horiek elkartearen izena eramango dute. Beste mantal batzuk, berriz, herriko artistei emango dizkiete. Artistek mantal horiek apainduko dituzte. Herriko artistek apaindutako mantalak Bi-Tartean merkatari elkarteko denden bezeroen artean zozkatuko dituzte.