Aurreko edizioa koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta ezarritako murrizketekin ospatu behar izan ondoren, normaltasunera itzuliko da aurten asteburu honetan, urriaren 1ean eta 2an, ospatuko den Open House Bilbao Jaialdia. Edizio hau ‘Zentzumenen hiria’ lelopean ospatuko da.
Aurten ere, Bilbok bat egingo du Open House Worldwide Nazioarteko sarea osatzen duten 45 hiriekin, baterako ekintza hau gauzatzeko, zeinaren xedea baita arkitekturaren eta hirigintzaren arloan zabalkundea eragitea eta bikaintasuna defendatzea.
Osasun larrialdian bi urte igaro eta gero, jardunaldi honek hasiera-hasierako formatua berreskuratuko du, ez baita beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea eraikinetan sartzeko –nahikoa izango da hurbiltzea eta txanda itxarotea–.
Alta, jarduera osagarrietan parte hartzeko, plaza erreserbatu beharko da.
Open House Bilbao Jaialdiaren seigarren edizioak gogoeta egingo du, uriari buruz denok ditugun pertzepzio indibidual eta subjektiboen inguruan. Pertzepzio horiek bakarrak eta desberdinak dira pertsona bakoitzaren egoeraren eta gaitasunen arabera, baina, era berean, argi dago badirela iruditeria kolektiboan irauten duten eta nolabaiteko adostasuna sortzen duten ezaugarri batzuk: kale bihurgunetsu eta argiztatuek segurtasunik ezaren sentsazioa eragingo digu beti; Itsasadarraren ertzean dagoen pasealeku batek, berriz, landaretzaz eta argi naturalez bustita, pozez beteko gaitu.
Izan ere, gure bost zentzumenen bidez, uria ikusi, ukitu, entzun, usaindu edo, are, dastatu ere egin dezakegu. Gainera, zentzumen horietako bakoitza gai da ustez ahaztutako une, oroitzapen edo bizipen bat gogora ekartzeko. Hori dela-eta, aurten, 2022an, Open House Bilbaok arreta jarriko du pertsonengan eta pertsonek uria eta eraikitako ingurunea hautemateko moduan eta haiekin harremana izateko moduan.
Eraikinen katalogoa
Open House Bilbaok, seigarren aldi honetan, urian zehar banatuta dauden 64 guneren ateak irekiko ditu. Eraikin horiek aukeratzeko kontuan hartu dira beren balio arkitektonikoa eta historikoa, eta iaz bezala, zenbait eremu publiko garrantzitsu bisitatzeko aukera sartu da katalogoan, zenbait alderdi aztertzeko aukera emango dutenak, hala nola, azpiegitura berdea, hiri-erresilientzia, erabilera sozialak, mugikortasuna eta bide-segurtasuna.
Katalogoak uriaren arkitektura-aberastasunaren eta -askotarikotasunaren ikuspegi zabal bat eskainiko du. Aurreko urteen aldean, 10 gune berri sartu dira aurten, hala nola Plaza Berria, Albia lorategiak, Bilboko La Bolsa eraikina, Sehaska Etxea, Aburto etxea, Atxuriko geltokia, Tayko hotela, Gran Hotel Domine, Spaces eraikina eta Sarrikoko campusa.
Gune batzuk eta besteak ikusteko sarrera doan izango da, aurreko urteetan bezala, eta bi pandemia-urteen ostean, hasierako formatua berreskuratuko da, ez baita beharrezko izango aldez aurretik izena ematea, eta nahikoa izango baita hurbildu eta txanda itxarotea.
- 01. Eleiz Museoa
- 02. “La Bolsa” eraikina.
- 03. Campo Volantín
- 04. Plaza Barria
- 05. Cava etxeak
- 06. Bilboko Erruki Etxea
- 07. Albiako lorategiak.
- 08. Deustuko Unibertsitate Literarioa
- 09. Naxa kaia
- 10. Bidebarrietako udal liburutegia
- 11. Villa María
- 12. Bilboko Udaletxea
- 13. Chavarri jauregia
- 14. Olabarri jauregia
- 15. Abando Udaltegia
- 16. Ibaigane jauregia
- 17. Elorrietako ponpatze-estazioa
- 18. La Concordia geltokia
- 19. Campos Eliseos Antzokia
- 20. Bilboko Elkarte Filarmonikoa
- 21. La Bolsa eraikina
- 22. Casilda Iturrizar parkea
- 23. Aburto etxea
- 24. Castañoseko Udaltegia
- 25. Fesa-Ercros pabiloia
- 26. Sehaska etxea
- 27. Atxuriko geltokia
- 28. Sociedad Bilbaina
- 29. Deustuko Unibertsitate Komertziala
- 30. Zankoeta Udaltegia
- 31. Tayko hotela
- 32. Espainiako bankua
- 33. Indautxuko jesuitak
- 34. Bizkaiko Foru Liburutegia
- 35. Erriberako azoka
- 36. Luis Briñas Santutxu HLHI
- 37. Arte Ederren Museoa
- 38. Bailen kaleko etxe-orratza
- 39. Spaces eraikina
- 40. Gran Hotel Domine hotela
- 41. Paper-fabrika eraikina - Kunsthall
- 42. Sarrikoko campusa
- 43. Ekoos hotela
- 44. BETA II – As Fabrik
- 45. Amerikarren etxeak
- 46. Sarrikoko metro-geltokia
- 47. Deustuko sifoia
- 48. Euskalduna jauregia
- 49. Meliá hotela
- 50. Itsas museoa
- 51. EITBren egoitza
- 52. Larreagaburuko etxebizitzak
- 53. Deustuko CRAI liburutegia
- 54. Miribilla geltokia
- 55. EHUko Bizkaia Aretoa
- 56. Bilbao Arena kiroldegiko jauregia.
- 57. IDOMen egoitza
- 58. Bizkaia frontoia
- 59. Bilboko Udaltzaingoaren egoitza
- 60. Suhiltzaileen egoitza
- 61. Euskadiko Artxibo Historikoa
- 62. Carreras Múgica arte galeria
- 63. Etxebarriko Ekaitz Andela
- 64. Elorrietako itsasertza
Jarduerak
Open House Bilbao 2022 programa hainbat jarduerarekin osatuko da, zeintzuek edizio honen berariazko gaiaren ingurukoak izango baitira; jarduera horietarako, ordea, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea. Izena ekitaldiaren webgune ofizialean eman behar da (ezingo da beste era batean), lekuak bete arte.
Jardueren artean, nabarmentzekoak dira:
Open ibilbideak: uria pentsatzeko moduak
Ibarrekolandan diren espazio publikoetan zehar ibiliko gara, haien tipologiak ezagutuz, eta gogoeta egingo dugu espazio horiek diseinatzeko orduan erabilitako kontzeptu batzuei eta besteei buruz. Hiri-egituran integratutako kale eta plazetatik abiatuta, bazter eta gune estrategikoak ezagutuko ditugu, tokiko eta hiriko ekipamenduen ondoan.
Open Itsasadarra: Itsasadarraren mugetan zehar nabigatzen
Nabigazio esperientzia honen bidez, ibai ertzari beste ikuspuntu batetik begiratuko zaio, Itsasadarrean zehar ibiliz, ur ertzeko espazio irekien antolatzaile handi horretan zehar; izan ere, leku horiek gure uriaren garapenaren gakoetako asko erakusten dizkigute.
Familientzako tailerrak: GJHak ezagutuz
Sormen pilulak familiendako, hiri jasangarriagoak irudikatzeko dinamikak, jolasak eta ipuinak dakartzatenak. Umeak hurbildu eta GJHei buruzko oharmena eragingo dute (Garapen Jasangarriko Helburuak), gogoan erabiliz zer desafio eta aukera dakartzan mundu zuzenago, berdintasunezkoago eta jasangarriago bat eraiki beharrak.
360ºko esperientziak: Uria zinemaren bidez
360ºko arkitektura esperientzietan, Bilbon egindako zinema proiekzioekin zerikusia duten leku horietako batzuk ikertuko ditugu, zeintzuk, zalantzarik gabe, "zentzumenen hiriaren" parte izan baitira. Jakingo dugu zelakoak izan ziren lehenengo proiekzioak, zelan finkatu zen zinema aisialdi-aukera kalitatezko baten moduan, eta zelan egin zuen beherantz atzenean.
Open Bizikleta: Hirigintza pedalei eraginez
Bizikleta-ibilbidea itsasadarraren ertzetik, Zazpi Kaleetan hasi eta Euskalduna zubiraino. Lau geralditan, eremu publiko honen inguruko gai nagusiak jorratuko dira, jende askorentzat uriko arnasgune eta aisiarako gune bihurtu den eremua aztertzeko.
Egile-bisitak:
Arkitekto egile batzuk izango ditugu parte hartzen, eta bertatik bertara eta bisita esklusiboetan azalduko dizkigute beren lanak, bai eta proiektuak diseinatzeko prozesua eta irizpideak ere.
Bisita bereziak:
Eraikin batzuk formatu berezian bisitatuko dira, eraikinaren beraren berezitasunagatik edota azalpenak ematen dituzten pertsonen ezagutza-mailagatik.
Jarduera osagarri horietarako izena eman nahi duten guztiek joan den astelehenetik irailaren 26tik, egin ahal izango dute, jaialdiaren webgunearen bitartez.
Boluntariotza
Eraikinak dohainik ikusteko, boluntarioen laguntza izango da, eta haien ardura izango da bai eraikinetara sartzea, bai ikustaldia bera ere. Herritarren parte-hartzea eta konpromisoa ezinbestekoak izango dira jaialdia egin ahal izateko.
Boluntarioei esker gauzatzen da Open House, boluntarioek euren denbora eskaintzen dutelako trukean ezer eskatu gabe eta kulturaren zabalkundean eta ekimenaren izaera parte-hartzailea sustatzen inplikatzen direlako.
Aurreko edizioan 300 boluntario baino gehiago aritu ziren modu aktiboan, eta hori arrakasta handia da, kontuan hartuta osasun egoeraren ondorioz zein baldintzatan egin behar izan zen. Aurtengo ediziorako, baditugu 500 boluntario baino gehiago, parte hartzea berretsi dutenak.
Historia. Open House Worldwide
Open House nazioarte-mailako jaialdi bat da, arkitekturari eta hirigintzari buruzkoa; 1992an egin zen aurrenekoz Londresen. Haren xedea da herritarren artean diseinuaren eta arkitekturaren presentzia sustatzea.
Urteetan zehar, jaialdia beste hiri batzuetara ere zabaldu da, arkitekturan eta diseinuan abangoardian dauden hirietara. Une honetan, 45 hiritan baino gehiagotan egiten da jaialdia, besteak beste, New York-en, Helsinkin, Bartzelonan eta Melbournen. Open, beraz, hirien sare bat da, aukera ematen duena elkarren artean lan egiteko eta elkarrekin ikasteko, eta sinergiak eragiteko Open House Worldwide familiako kideen artean.
Open House Worldwide sarea hazten ari da etengabe; mundu-mailako plataforma bat da, arkitekturaren zabalkundeari dagokionez, hirietako ekimenak kokatzeko eta ezagutarazteko.
Open House mundu osoko fenomeno bada, balio berdinak dituena mundu osoan, baina uri bakoitzak bere tokian jokatzen duelarik, ezaugarri hori funtsezkoa baita uri jakin batean arrakasta izan dezan. Programak tokian tokiko ingurunearen berezitasunen araberakoak dira.
Open House Bilbaoren lehenengo edizioa 2017an egin zen, eta jendearentzako 47 espazio ireki izan ziren, uri osoan zehar; 2018an, aldiz, 67 izan ziren espazioak (54 Bilbon eta 13 Barakaldon); 2019an, ordea, 81 (53 Bilbon eta 15 Barakaldon, eta 13 Getxon), eta are 81 ere (53 Bilbon, 15 Barakaldon eta 13 Getxon), 2019ko aldian. 2020an eta 2021ean, formatua urritu egin behar izan zen pandemiarengatik, eta 202an 26 eskaini ziren, eta 2021ean 49, eraikin eta espazio publikoen artean.
Erakundea
Open House Bilbao OUT elkarteak diseinatu eta antolatzen du, eta Bilboko Udalak babesten; OUT irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, tokikoa, hiri-berritzean, arkitekturan, eta herritarren parte-hartzean interesa duten arkitekto gazteek eratua.
Open House aukera bat da herritarrek beren uriaren inguruko kontzientzia har dezaten arkitekturaren eta hirigintzaren bidez. Ekitaldi honen bidez, gai horiek ezagutzera eman, zabaldu eta jendarteratu egiten dira publiko zabal baten artean, parte-hartzearen bidez.