'Astigarraga' aldizkariak bere urteurrena ospatzeko erakusketa bat antolatu du Erribera kulturgunean
Aurten, Astigarraga aldizkaria sortu zeneko 40. urteurrena da. Hori dela eta, urteetan zehar bildutako balio handiko dokumentu eta materialen erakusketa antolatu da. Beraz, gaurtik urriaren 15era, 10.00etatik 20.00etara, Erribera kulturgunean ikusgai egongo dira argitaratutako aldizkari guztiak, bosturteko bakoitzean argitaratzen diren sei aldizkari bildumak, argitalpenen aurkibide orokorrak, eskuz idatzitako aldizkariaren hasierako lehen maketa originalak, Astigarragako 40 argazki adierazgarrienen erakusketa, Antton Olariagak sortutako Upelioren komikien bilduma eta aldizkariaren historia osatzen duten beste hainbat dokumentu.
Erakusketa honetan, era berean, pantaila bat egongo da, hainbat eduki etengabe erakusteko: 40 urte historia egiten bideoa, aldizkariaren webguneko edukiak eta Santiago ermitaz egindako bisita didaktikoari buruzko ikus-entzunezkoa. Horretaz gain, bisitariei aurreko urteetako aldizkariak hartzeko aukera emango zaie, aldizkari honen bilduma osatzeko.
Astigarraga aldizkaria 1982ko uztailean kaleratu zen lehenbiziko aldiz, Astigar elkartearen eskutik eta herritar eta partaide ezberdin ugarik ere parte hartuz.
Tokian tokiko historia, biografiak, natura, elkarteak, euskararen sustapena, nahiz euskal kulturaren urratsen berri jasotzeko dokumentu eskuragarria bilakatzea izan da hasieratik hedabide emankor honek hartu zuen konpromisoa. Kolaboratzaileek azpimarratu dutenez, aldizkaria "altxorra" da, herriaren "kohesiorako tresna" eta Astigarragari "prestigioa" eman diona.
Amaitzeko, Astigar elkartetik adi-tzera eman dutenez, "ondare historiko-kultural hau bildutako historia guztiaren fruitu da, eta gure herria gozatzeko eta aberasteko asmoz eskaintzen dugu. Eta hori guztia, aurten aldizkaria sustatu eta zabaltzeko egindako hainbat jardueraren amaiera gisa, hala nola, aldizkariaren edizio berezia, ibilbidearen unerik garrantzitsuenen bideoa eta komunikazio proiektu honen aurkezpen publikoa dira".