Buscar
Gipuzkoa

Astigarraga | Mobilizazioa autobusengatik

Erribera kulturguneko antzokia herritarrez beteta alkatearen azalpenak entzuteko. Argazkia: N.G.
Erribera kulturguneko antzokia herritarrez beteta alkatearen azalpenak entzuteko. Argazkia: N.G.

Astigarragan plataforma bat sortu da herri arteko garraio zerbitzu Publikoa "egokia eta duina" izan dadin

Astigarragako Udalak deituta, herritarren bilera irekia egin zen joan den astean Erribera kulturgunean, Foru Aldundiak uztailaren 1ean martxan jarri zuen hiri arteko autobus zerbitzu berria zela eta.

Antzokia herritarrez bete zen (80 pertsona inguru) eta hainbat pertsona sartu ezinik geratu ziren. Bileran argi geratu zen, batetik, uztailaren 1ean Aldundiak martxan jarritako autobus zerbitzuari buruzko herritarren eta Udalaren haserrea eta, bestetik, herritarren eta Udalaren borondate eta gogoa egoera horri aurre egiteko bide guztiak lantzeko: ekimen instituzionalak, herritarren mobilizazioa...

Izan ere, bilerara bertaratutakoek eta Udalak herri plataforma osatzea erabaki zuten, helburu garbi batekin: "Foru Aldundia behartzea astigartarrei garraio publikoko zerbizu egoki eta duina eskain diezaien, astigartarren beharrei erantzungo diena".

Herritarren mobilizazioa sustatuko du plataforma horrek eta ekimenak antolatzeko talde bat osatu da. Batzarraren amaieran izen-abizenak eta harremanetarako datuak jaso ziren. Talde horrek lehen bilera lehenbailehen egingo du.

Foru Aldundiari Udalak bilera egiteko eskaera egin zion joan den astean. Bilera horretara udal ordezkariak eta plataformaren ordezkariak joango dira.

Herritarrek bileran azaldu zituzten kexa nagusiak zerbitzua ez dela ordutegiak betetzen ari da eta atzerapenak oso handiak direla. "Autobusa atzerapen handiekin dabil eta gero, batzuetan, jarraian bi etortzen dira", esan zuten.

"Ezin da jakin autobusa noiz etorriko den eta ezin dira bidaiak eta beste garraio batzuekin egin beharreko transbordoak antolatu (Topoa, beste autobus lineak...)", azaldu zuten.

Horrek guztiak jende asko lehengo astean lanera berandu iristea ekarri zuen.

Ostiralean Aldundiak zerbitzu berrian ematen ari diren atzerapenak onartu zituen eta azterketa bat abian jarriko duela jakinarazi zuen. Rafaela Romero foru diputatua aste honetan Buruntzaldean arazoak dituzten herriekin bilduko da.

2021-07-13T08:04:02+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo