Gipuzkoa

Astigarraga: plaza eta kaleetan jolastuko al gara?

Murgia jauregi ondoko parkea. Argazkia: N.G.

Astigarragako haur eta nerabeek nolako jolas eremuak nahi dituzten lanketaren emaitza asteazkenean jakingo da

Astigarragako Udalak Jolastuko al gara? egitasmoa jarri zuen martxan iaz helburu argi batekin: haur, nerabe eta gazteek zein behar eta nahi dituzten ezagutzea herriko jolas eremuak eraberritzerako garaian.

Prozesua bukaerara iritsi da eta, honenbestez, datorren asteazkenean, 17.00etan Herri Eskolako aretoan, egitasmoaren deboluzio saioa egingo da, herritarrei azaltzeko prozesu parte-hartzailean egin dena eta atera diren ondorioak.

Emaitzen txostenean jasotzen denez, Astigarragan hamalau parke daude eta horietako seitan esku-hartzeak planteatzen dira. Hobekuntzak behar dituzten tokiak hauek dira: Apeztegi parkea, Sagardo plaza, Pelotari plaza, Murgia parkea, Ibai parkea eta gaztelekua eta Sagardoetxearen ingurua.

Udaletik gogorazi dutenez, Astigarragako biztanleriaren hazkundearen ondorioz, gaur egungo haur eta gazte kopurua handia da herrian. Hala ere, haur eta gazteei zuzendutako jolasgune eta elkartzeko guneei dagokionean, ezer gutxi egin da azken urteetan.

"Hamalau eremu inguru zenbatu dira, guztiak patroi berdintsukoak, bai konfigurazio, bai elementu, bai ematen diren erlazio eta jolas motei dagokionean", adierazi dute. Izan ere, Udalak argi du hamalau horietako zenbait jolasguneren eraberri-tzeko beharra handia dela, eta eraberritze bide horretan geldialdi bat egin eta haur eta gazteei hitza eman behar zaiela, beraien iritziak jaso eta zein jolasgune mota nahi dituzten hausnartzeko.

Horregatik iaz, Hiritik At kooperatibaren laguntzarekin, Jolastuko algara? hausnarketa prozesua abian jarri zen. Egitasmoak fase desberdinak izan ditu: aurrelanketa, diagnostikoa, proposamena eta, orain, deboluzioa.

Bidean, gaztelekuko gaztetxoek (hamabi eta hamasei urte bitartekoak) eta eskolako umeek (sei eta hamabi urte bitartekoak) hitza hartu zuten, eta euren ametsetako parke eta espazioak diseinatzeko aukera izan zuten. Lanketa horren ostean, diseinu eta desira horietatik abiatuta, talde teknikoak erabakitako sei parkeen diseinu lanak landu ziren. Eraberritze proposamenak landuta daudenez, Astigarragako herriari prozesuaren emaitzen aukezpena egingo zaio datorren asteazkenean.

Orokorrean, egurrezko elementuak eskatu dituzte, jolasetan eta baita egoteko hiri-altzarietan.

23/01/2022