Astigarragako Udalak azkeneko osoko bilkuran Zero Zabor Udalerriak ziurtapen programan parte hartzea (Zero Waste cities Certification Programme, ingelesez) erabaki zuen. Gainera, programak Udalari eska dakizkiokeen baldin-tzak eta zereginak betetzeko konpromisoa ere hartu zuen.
Udalak aditzera eman duenez, hondakinen murrizketan eta prebentzioan areagotu nahi du, sortzen diren hondakinen katearen lehengo mailan indarrak jarrita. “Horregatik, interesgarria eta beharrezkoa da, tokiko erakundeak Zero Zabor prozesuan murgilduta dauden bestelako erakundeekin elkarlanean jardutea”, azaldu du.
Lan horretan dihardu, Zero Zabor nazioarteko mugimenduak, Europako 24 herrialdetako 30 erakundek parte hartuta.
Zero hondakinaren ziurtagiria hiru urratsek osatzen dute: Zero Zabor udalerria izateko konpromisoa har-tzea, egungo egoeraren auditoretza egitea eta ziurtagiria lortzea eta jarraipena egitea.
Bestalde, atzo Astigarragako Udalak 2022an Urumea ibaian 3,83 tona hondakin baino gehiago jaso zituela jakitera eman zuen. 2023an garbitzen jarraitzea da Udalaren asmoa.
Udalak Urzain enpresa kontratatu zuen Urumea ibaia Astigarragan garbitzeko. Bi hilean behin egin ohi dute garbiketa astebetez. Helburua da kutsatzaile plastikoek landaredian eta faunan eragiten dituzten kalteak arintzea eta murriztea.
Azken garbiketak urrian eta abenduan egin ziren. Bi kasuetan, Urumea ertzean dauden poligono inguruetan garbitu zen eta ertzari errepasoa egin zitzaion.