Buscar
Gipuzkoa

Astigarragako DBHko eraikineko proiektua idazteko lehiaketa martxan da

Eusko Jaurlaritzak kontratatuko duen enpresak 2023 amaierarako bukatu beharko du lana
Udal arduradunak DBH Orain plataformaren ordezkariarekin.
Udal arduradunak DBH Orain plataformaren ordezkariarekin.

Eusko Jaurlaritzak Astigarragako DBHko ikastetxea erikitzeko exekuzio proiektua idazteko eta zuzendaritza fakultatiboa buru-tzeko kontratuaren lehiaketa jarri berri du martxan. Hala jakinarazi du Udalak aste honetan herriko ekipamendu estrategiko honen inguruko azken berriak emateko antolatutako agerraldian.

Lehiaketa honetan eskaintzak aurkezteko epea abenduaren 22an amaituko da eta proiektua idatzi eta zuzendaritza burutzeko prezioa gehienez 750.000 euro (gehi BEZ) izango da. Udalak zehaztu duenez, institutua eraikitzearen balioa oraindik finkatu gabe dago, izan ere, proiektua idatzi ondoren jakingo da kostua, baina hamar milioi ingurukoa izan daitekeela kalkulatu dute.

Kontratua irabazten duenak 192 eguneko epea izango du proiektua idazteko. Horren arabera, 2023 amaierarako idatzita egongo litzateke proiektua. “Urratsa garrantzitsua da lehiaketa hori martxan jarri izana, ikastetxearen kokapena eta ezaugarriak finkatuta geratu direlako”, aipatu dute Udaletik.

Hortaz, Udala pozik dago urrats honekin, kokapena eta ikastetxearen ezaugarriak finkatuta daudelako eta Jaurlaritzaren gurpila martxan jarri delako, baina espero du Hezkuntza Sailak aurrerantzean gauzak arin samar egitea. Gogora ekarri duenez, Udalak partzelaren lagapena 2021eko uztailean egin ondoren, Hezkuntza Sailak urtebete baino gehiago behar izan du proiektua idazteko lehiaketa martxan jartzeko. Udalak espero du ez dela aurrerantzean atzerapen edo etenik izango. Izan ere, Astigarraga 7.000 biztanletik gorako herrien artean gutxienetakoa da DBH ziklorik ez duena.

Astigarragak azken 20 urteotan demografikoki asko hazi da. Izan ere, 2000. urtean 3.600 biztanle zeuden eta 2021ean, bikoiztu egin da datua, 7.302 erroldatu baitaude. Gainera, biztanle berri gehienak familia gazteak dira, hortaz, jaiotza-tasa Euskadikoaren bikoitza da gaur egun.

Bilakaera honek hezkuntza arloko azpiegituretan inbertsioak eskatzen ditu: azken hilabeteetan haurreskola berria eta Herri Eskola handitzeko proiektua egin dira, baina institutua izateko data zehatzik ez dago oraindik. Ikastetxea eraikitzeko eskumena Eusko Jaurlaritzakoa da.

Gaur egun Astigarragan bizi eta DBH ikastera ondoko herrietara doazen gaztetxoak 301 ikasle dira. Halaber, kopuru hori handitu egingo da, azken lau urteotan jaio direnak DBHra iristen direnean 425 izango direlako.

DBH Orain plataformak Astigarragan DBHren aldeko mugimendua aspaldikoa dela azpimarratu du. Azken lau urteotan buru-belarri lanean aritu direla goraipatu du eta pandemiak iraun dituen bi urteetan aldarrikapenak eta institutuaren aldeko ekimenak ez direla gelditu aipatu du. 2021ean sinadura bilketan 1.800 sinadura jaso zituzten eta hauek Udalarekin batera Eusko Jaurlari-tzan izan zuten bilera batera eraman zituzten, Astigarragako familia eta herritarren nahia azaltzen dutelako. Plataformak gaineratu du premiazkoa dela Astigarragan DBHko ikastetxe bat eraikitzea eta ahalik eta lasterren egitea, Martuteneko ikastetxea bera gainezka dagoelako eta gaiak irtenbide bat behar duelako, “atzerapenik gabe”.

EZAUGARRIAK

Ikastetxe berria kokatuko den orubea 8.593 m2koa da, baina, 6.000 m2 hiritartuko dira gehienez ere. Udalaren jabetzakoa da eta Hezkuntza Sailari laga zaio (2021eko uztailean egin zen lagapena).

Hezkuntza Sailak hainbat ezaugarri zehaztu ditu proiektuan jaso beharko direnak. Hala DBH 1, 2, 3 eta 4rako 16 gela edo unitate aurreikusi dira: ikasgelak, gela eta eremu bereziak (informatika, teknologia, liburutegia, gimnasioa…), eremu osagarriak (jangela, sukaldea…), administrazio eta zuzendaritzarako eremuak (bulegoak, bilera gelak…). Patioa eta aterpeak 1.450 m2 hartuko dituzte, horietatik 900 m2 estalita izango direlarik. Hortaz, eraikitako azalera, guztira, 5.302 m2koa izango da.

Proiektuak bigarren fase batean batxilergoa ezartzeko eraikina handitzeko aukera aurreikusi behar du, hain zuzen ere batxilergoko sei ikasgela eta horien eremu osagarriak. Beraz, azalera erabilgarria guztira 871 m2koa izango litzateke eta eraikitako azalera guztira 1.001 m2, gehienezko 6.000 m2 horietara iritsi arte.

2022-11-30T19:55:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo