Gipuzkoa

Astigarragan baratza feminista ereingo dute

Emakumeon Etxean formakuntzarako hitzaldiak eta tailerrak antolatu dituzte landaketan hasteko
Astigarragako baratze parkea / N.G.

Astigarragako Emakumeon Etxeak Baratza Feministaren proiektua du esku artean. Honi hasiera emateko eta elkar ezagutarazteko helburuarekin, bi hitzaldi antolatu ditu Etxaldeko Emakumeak elkartearekin. Hitzaldiak publiko osoari zuzenduak daude.

Hitzaldiak

Lehenengo hitzaldia Sendabelarrak ezagutzen izenburuarekin, otsailaren 12an, asteazkenean burutuko da 9.30etik 11.00etara. Bigarren hitzaldia, Baratza eta osasuna, astebete beranduago izango da, otsailaren 19an, eta arratsaldean izango da, 17.30etik 19.00etara.

Bi ekitaldiak Emakumeon Etxean (Joseba Barandiaran plaza) burutuko dira eta euskaraz izango dira, baina euskaraz ez dakitenei ere zabalik dira.

Baratze parkean

Emakumeon Etxetik aditzera eman dutenez, Baratza Feministaren proiektua Astigarragako baratze parkean gauzatuko da: “Udalak lehengo urtean baratzeak zozkatu zituen eta guk interesa geneukala azaldu genien eta bi partzela esleitu zizkiguten”. Horiekin proiektu komunitario bat eraikiko dute.

Taldean lurra landu, ikasi eta gozatzea da helburua eta honetarako, formakuntza ezberdinak antolatu ditugu”, azaldu dute.

Lantalde txikiak

Baratzaren proiektua aurrera eramateko lantalde txikietan antolatuko dira, norberaren ordutegietara egokitu eta lanak guztien artean banatzeko. Dagoeneko hamar emakumek izena eman dute. “Helburua taldea handitzen joatea da. Zazpi urtetako proiektua da eta baliteke hasieran batzen den jendea beranduago, denboragatik edo, ezin duela jarraitu, baina bidean beste batzuk gehitu daitezke ere”, esan dute.

Datozen egunetarako hitzaldiez gain, lanerako behar duten jakintza eta tresnak jasotzeko, lau tailer praktiko antolatu dituzte martxoa eta maiatza bitartean: martxoaren 12an, 9.30etik 11.00etara; martxoaren 26an, 17.30etik 19.00etara; apirilaren 23an, 17.30etik 19.00etara eta azkenik, maiatzaren 21ean, 9.30etik 11.00etara.

Landaketa

Oraindik ez dira baratzeak landatzen hasi, tailer praktiko datetarako, ordea, lehenengo urratsak ematea aurreikusten dute. Izan ere, tailer horietako gaiak landaketa prozesuan sortzen diren arazo edo interesetara egokituko dira.

Erabiliko dituzten hazi guztiak ekologikoak izango dira eta garaiko barazkiak landuko dituzte. Pestizidarik ez dute erabiliko.

Barazkiak eta sendabelarrak

Gainera, aditzera eman dutenez, zati bat barazkientzako izango da eta bestea sendabelarrentzak. “Aurten lehenengo aldiz sendabelarren ikastaroa egingo dugu eta datozen urteetan ikastaroa antolatzen dugunean guk landatutako sendabelarrak erabiliko ditugu”, aurreratu dute.

Barazkiekin emakumeak saretzeko bazkari batzuk antolatuko dituzte eta menuko plater batzuk bertako barazkiekin eginak izango dira.

San Valentinik ez

Bestalde, bi hitzaldi horien artean, Emakumeon Etxean tailer bat antolatuko dute. “Otsailaren 14an guk ez dugu San Valentin ospatuko eta honen ordez Gazte Asanbladako kideekin elkarlanean gazteentzako tailerra antolatu prestatu dute.

Tailerraren izenburua Maitasun erromantikoa? Ez eskerrik asko da eta otsailaren 15ean burutuko da 10.00etatik 12.00etara. Dinamizatzaile lanetan Laia 3.0 elkartea arituko da.

08/02/2025