Buscar
Gipuzkoa

Astigarragan dena prest 19.22erako

Jai seguruen aldeko ekimenak landu dituzten eragileak. | ARGAZKIA: KRONIKA
Jai seguruen aldeko ekimenak landu dituzten eragileak. | ARGAZKIA: KRONIKA

Ostiralean Astigarragak ongietorria emango die Santio jaiei eta datorren asteartera iraungo dute, Santa Ana egunarekin amaituz. Festa ofizialki 19.22an hasiko da Gure Izarra elkarteak txupina botatzen duenean. Ordu berezi hori aukeratu da Gure Izarra 1922an sortu zelako, beraz, bere 100. urteurrena betetzen da aurten.

Hala ere, haurrek lehenago murgilduko dira santioetan 12.00etan jaurtiko baita txupinazo txikia. Gainera, ordu berean feria gunea irekiko da Donostia ibilbidean eta egun horretan barraken prezioa euro batekoa izango da bidai bakoitzeko.

Jai Batzordeak azpimarratu zuenez, prestatu duten programazioa “zabala, anitza, oparoa eta publiko desberdinei zuzendurikoa” izango da. Honenbestez, txikienek erraldoi eta buruhandiak, haurrentzako bazkaria, txokolatada, kale an-tzerkiak, pailazoak, haurrentzako jolasak, puzgarriak, apar jaia, ur parkea, Zirika Zirkus eta zezen-suzkoa izango dituzte, batik bat.

Publiko orokorrari zuzenduriko jarduerak ere ugariak izango dira, besteak beste: bazkariak (marmitako jatea, gazte bazkaria, erretiratuen bazkaria, presoen elkartasun bazkaria), Sun magoa, patata tortilla lehiaketa, koktel tailerra, 3x3 saskibaloi lehiaketa, Matraka eta Pasai txarangak, bertsolariak, Txirrisklako txistulariak, dantzak (Larrain-dantza, Astigar dantza taldearen emanaldia), kale antzerkia, danborrada, hegaluze pintxoak, herri-kirolak, idi dema, Santa Ana eguneko sagardo dastaketa, joaldunak eta trikitilariak.

Azpimarratzekoak dira ere publiko ezberdinei zuzendutako kontzertuak. Hala, Kontxa Etxeberria plazan ETS, Hondarribiako musika banda eta Nemux Dja arituko dira jaietako egunetan. Barandiaran plazan, The spolen girls, Anita Parker, Kai Nakai, Kresala, Zozongo, Goxuan Saltsa, Imperial mariatxia, Balkan Paradise Orchestra eta Laiotz taldeak joko dute. Txosna guneak Eider, Ostaizka eta Garoa Djak, Bassagain, Burutik, Rodeo, Zulo, Yakolev eta Andoni Ollokiegiren emanaldia programatu dituzte. Sagardo plazan Jose Trincado musikaria izango da eta azkenik, Norberto Almandoz plazan, Duo Imperial entzuteko aukera izango da.

Jai berdinzale eta seguruak susta-tzeko asmoz, Udalarekin elkarlanean herriko hainbat eragilek, zehazki, Gazte Asanbladak, Xaguxar aisialdi taldeak, gaztelekuak eta Emakumeon Etxeak, zenbait ekimen antolatu eta landu dituzte indarkeria matxistari aurre egiteko.

Horien artean, uztailaren 22, 23 eta 24an, 23.00etatik 4.00etara, taberna inguruan ipiniko den Karpa Morea kokatzen da. Bertan, sexu- aholkularitza zerbitzua eta edozein erasoren aurreko arreta zerbitzua eskainiko dira.

Gainera, etxera bakarrik joan nahi ez duten pertsonentzat, Brigada Morea antolatu da jaiek irauten duten bitartean. Taldeak goizeko 1.00etan, 3.00etan eta 5.00etan irtengo dira.

2022-07-20T19:44:02+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo