Atauriko geltoki zaharrean egongo den asfalto naturaleko meatze paisaien interpretazio zentroa forma hartzen ari da, Arabako Foru Aldundiak bukatu baititu geltokia birgaitzeko lanen lehen fasea.
Saray Zarate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko foru diputatuak eta Arraia-Maeztuko eta Atauriko Administrazio Batzarreko ordezkariek bertatik bertara ikusi dute astelehen honetan nola egin den higiezinaren birgaitze jasangarria.
Geltoki zaharra 1928an eraiki zen, eta, esku hartzearen bidez, eraikinaren egitura modu jasangarrian sendotu eta birgaitu da. Higiezinaren garrantzia eta historia dela eta, egindako jarduketan jatorrizko arkitektura berreskuratzea eta oraindik kontserbatzen diren elementu arkitektoniko bereziak lehenetsi dira, eskualdeak duen ondare garrantzia nabarmentzea baita proiektuaren helburuetako bat.
Gainera, higiezinaren inguruko ingurumena eta paisaia lehengoratzeko obrak egin dira, baita geltokiaren inguruko hondakin urak naturan oinarritutako konponbideen bidez bideratzeko eta arazteko lanak ere. Birgaitzerako aurrekontua 695.087,81 eurokoa izan da, BEZa barne.
Zaratek azpimarratu duenez, "asfalto naturalen meatze paisaiak berreskuratzea aukera bat da Arabako Mendialdearen garapen ekonomikoa bultzatzeko, eta, aldi berean, lurraldeko garrantzi eta berezitasun handiko elementuen balioa nabarmentzen da".
Proiektuaren bigarren fasea hurrengo egunetan hasiko da eta ekipamenduaren barne banaketarako obra zibila gauzatzean eta eraikinaren energia eraginkortasuneko eta autokontsumoko jarduketak egitean datza. Azken fasea museografiari dagokio, eta uda baino lehen lizitatu ahal izatea aurreikusita dago.
Jarduketa osoa Helmugako Turismo Jasangarritasuneko Planean dago jasota, Europar Batasunak NextGenerationEU funtsen bidez finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.