Urtero bezala, abenduaren hasierarekin batera martxan da ohiko Gabonetako Azoka. Aurtengoa berezia izango da, koronabirusaren pandemiaren osteko murrizketarik gabeko lehenengo edizioa izango baita. Bertan Gabonetako produktuak, jostailuak, arropak, elikagaiak eta abar egongo dira salgai. Azoka abenduaren 2tik urtarrilaren 5era bitartean egongo da zabalik.
Honako hauek dira aste hauetan #BilbaoGabonak proiektuko Gabonetako Azokan egongo diren saltokietako batzuk: Kiliken Euritakoak euritako- eta osagarri-denda, Koloreak Juguetes liburu- eta jostailu-denda, Kai Denda arropa- eta osagarri-denda, El Gallo de Oro argitaletxea, Lakarola Kintana opari-denda, Arce Bilbao osagarri-denda, Viento Norte arropa-denda, larruzko-produktuak saltzen dituen Revoluciona Taller de Cuero, Xaboi Pubpuila xaboi naturalen denda, produktu ekologikoak eta birziklagarriak eta osagarriak saltzen dituen The Su Life, Bilbo Dulce y Salado gozogintza-produktuen saltokia, Bizkorna okindegia, Garrarte artisau-gozokiak, Delitxia gozo-denda KC Chocolatier txokolate-denda, Magora Bakery okindegi eta gozo-denda, Polvorones Solokoetxe, Ositos con Alcohol eta Tu bola de Navidad opari-denda.
Gabonetako Azoka 12:30etik 21:00etara egongo da irekita, abenduaren 12, 13, 14, 15, 19 eta 20an ez ezik. Egun horietan ordutegia 17:30etik 21:00etara bitartekoa izango da.
Balioak dituen merkataritza
Aurten, lehen aldiz, Bilboko Udalak Gabonetako Azokako etxoletako bat Bilboko Balioen Agiria eta Garapen Jasangarrirako Helburuak ezagutaraztera bideratu du.
Helburua da herritarrak Agirian jasotako hamazazpi balioen eta hamazazpi GJHen garrantziaz kontzientziatzea; izan ere, «Bilbotarren bizikidetza egituratu behar duten trakzio-tresnak eta eraldaketa-palankak dira, eta gizarte bidezkoagoa, berdinzaleagoa eta zuzenagoa lortzen lagundu behar digute».
Etxola hori familiei zuzendutako jolas-gune bihurtuko da, eta Lambe Lambe Kutxa baten bidez (miniaturazko antzerki-ikuskizuna) istorioak ezagutu eta Garapen Jasangarriaren Helburuetara hurbilduko dituzten sentsazioak esperimentatu ahal izango dituzte. Pase bakoitzak gehienez 2 edo 3 minutuko iraupena izango du, eta 3 edo 4 pertsonek ahalko dute batera parte hartu. Horrela, ahalik eta jende gehienari emango zaio aukera etxola ikusteko.
Gainera, Bilboko Balioen Agiriari online atxikitzeko puntu bat eta sinadura-liburu bat jarriko dira, parte-hartzaileek modu sinbolikoan baloreekin eta GJHekin duten atxikimendua eta konpromisoa finkatu ahal izateko. Hori guztia aktore profesional batek dinamizatuko du.
#BilbaoGabonak
Asmo handiko proiektu berezi honen bidez, udalak bere programaziorik anitzena aktibatu du, adin guztietako herritarrei zuzenduta, baina batez ere haurrei, honako helburu hau bete nahian: garai honetan ere Bilbo erakarpen gune handi eta erreferente gisa finkatzea, aisialdiri, merkataritzari eta kulturari dagokienez.