Apirilaren 28tik 30era Bilbon ospatuko da Athletic Clubeko Peñen Nazioarteko XLIX. Biltzarra. "Asko espero den biltzar berezia da, Bilbon egiten delako, hain errotuta dagoen Alde Zaharreko peñak antolatzen duelako eta Athletic Cluben 125. urteurrenean gertatzen delako. Beraz, topaketa garrantzitsua izateko osagai guztiak biltzen dituen hitzordua da", adierazi du Jon Uriarte Athletic Clubeko presidenteak biltzarraren aurkezpenean.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Inmaculada Legarreta eta Moisés San Pelayo Zazpi Kaleetako Athletic Club Peñako presidenteak eta idazkariak hurrenez hurren, eta Athletic Clubeko presidente Jon Uriarterekin batera aurkeztu dute batzar "berezia".
Urtero egiten den moduan, Biltzar honek klubari eta klubaren gizarte-masa aktiboenari omenaldia egin nahi die, eta Athletic-en balioak eta filosofia defendatzen eta irudikatzen dituzten 478 peña zuri-gorrien senidetze-ekitaldi garrantzitsuena da, bai Bilbon, bai uritik kanpo.
Juan Mari Aburto alkateak zera nabarmendu du: “Bilborentzat harrotzeko modukoa da Athletic sentimendua bizi duten guztientzat uri anfitrioia izatea, etxean sortzen delako sentimendu hori, koadrilarekin partekatzen da eta gure seme-alabei eskualdatzen zaie, ondare onena balitz bezala”. Aburtok azpimarratu duenez, Nazioarteko Biltzar hau “aukera paregabea da, proiekzio publiko zabala dauka eta gizarte-, jolas- eta kirol-ekitaldia da. Ziur nago giro ona nagusituko dela, eta hotel-, ostalaritza-, merkataritza- edo turismo-sektoreak dinamizatzen lagunduko duela; oro har, uribilduko ekonomia”.
Zazpi Kaleetako Athletic Peñak 50 urte betetzen ditu aurten eta XLIX. edizio hau antolatzeko ardura dauka; Inmaculada Legarreta presidenteak azpimarratu du: “espero dugu hitzordu hau gogoangarria izatea eta helburu bi dauzkagu, bilbotar guztiak inoiz baino Athletic-zaleago izatea, eta bisitatzen gaituzten guztiak egun batzuetan bilbotar sentitzea”. “Egun batzuk ditugu aurretik Biltzar honek eskaintzen digun guztiaz elkarrekin gozatzeko. Jardueraz beteriko hiru jardunaldi. Gure familia zuri-gorria elkartzeko gune ezin hobea izatea espero dugu. Izan ere, grina partekatzen dugu kolore horiengatik eta Athleticek esan nahi duen guztiarengatik, eta horrek munduan paregabe egiten gaitu”.
Biltzar honetako jarduerak Zazpi Kaleak, San Frantzisko, Bilbo Zaharra, Abando eta Indautxu auzoetan kokatuko dira nagusiki, nahiz eta batzuk Bizkaiko beste herri batzuetara ere zabalduko diren. Hiru egunetarako aurreikusitako programazioa askotarikoa eta, besteak beste, hauek egingo dira: erakusketak, aurkezpenak, pintxo-ibilbideak, musika-animazioak, herri kirolak, dantzak, kalejirak edo bisitak.
Athletic Peñak zuri-gorri guztiei dei egin nahi die, baita bilbotar guztiei ere, Biltzar honetarako antolatuko diren ekitaldietan parte hartu eta gozatu dezaten.