Cultura

Atxaga eta Valverde, haur literatura letra larriz idazten denean

Euren elkarlanaz solas egiteko bildu ziren bi egileak astelehenean Nafarroako Liburutegian, editargiren eskutik
Mikel Valverde eta Bernardo Atxaga, Nafarroako Liburutegian Editargik antolatutako hitzaldian.

“Beharrak eraginda” hasi zen Bernardo Atxaga (Asteasu, 1951) haur literatura idazten, 26 urte inguru zituela. “Garai hartan helduentzako euskal literaturak ez zuen ematen bizitzeko haina, eta haur literaturak irauteko lain emango zidala iruditu zitzaidan. Hala izan zen”. 1970eko hamarkada bukaerara egin zuen jauzi idazle asteasuarraren gogoak astelehenean, Nafarroako Liburutegian Mikel Valverde (Gasteiz, 1966) ilustratzailearekin batera eta Editargi editoreen elkarteak antolatuta eskainitako solasaldian, haur literaturaren arloan emandako lehenengo urratsak mintzagai. Garai hartan argitaratu zituen bere lehenengo lanak eta, ordutik, ez da inoiz hainbeste dibertitzen dion generotik guztiz aldendu.

“Bilbon izan zen, artean gaztea nintzela”, gogoratzen du Atxagak. “Inauteria zen, eta Juan Carlos Eguillorrek galdetu zidan zein mozorro jantziko nukeen. Merkatutik oso hurbil bizi ginen eta beti ikusten genituen bizkaiko barazki saltzaileak. Esan nion: ‘Nik uste merkatura etortzen diren emakume baserritar horietako bat bezala jantziko nintzatekeela, baina abiadore baten betaurrekoekin eta kapeluarekin’. Baserritar barazki-saltzaile-abiadore”. Hala sortu zen Nikolasaren abenturak eta kalenturak, Eguillorrek berak ilustratu zuena eta 1979an plazaratu zena lehenengoz.

Hamarkada inguru igaro zen Valverde eta Atxaga elkar ezagutu ziren arte. Ilustratzaileak gogoratu zuen bezala, lagun komun batek aurkeztu zituen, Ruper Ordorikak hain zuzen ere: Atxagaren laguna zen, alde batetik; Valverderen bizilaguna Gasteizen, bestetik. Mahaiaren bueltan elkartu zituen Ordorikak bere bi lagunak, eta lehenengo afari hartan erein zen egun irauten duen laguntasunaren lehenengo hazia, haren haritik ere egundaino dirauen elkarlana. Xolak badu lehoien berri izan zen Valverdek ilustratu zuen Atxagaren lehenengo lana, bai gurean bai nazioartean ibilbide oparoa izan duena. The adventures of Shola, txakur bihurriaren abenturen ingelesezko bertsioa, izan ere, 2013ko haur libururik onenen artean hautatu zuen The Independent egunkariak eta Marsh Award saria ere irabazi zuen 2015ean.

“Erraz egiten dugu lan elkarrekin, laguntasuna bada, elkar-ezagutza, elkar-ulermena... Antzeko istorioak eta antzeko literatura gustatzen zaigu, eta batez ere umorea daukagu komunean. Baina, oinarrian, lagunak gara, eta fidatzeko lagunak”. Atzera begiratzerakoan bertigo punttu bat sentitzen duela aitortu zuen Valverdek. Izan ere, bizkarrean 30 urteko ibilbide oparoa daraman arren, lan bakoitza bere bidearen lehenengo pausotzat hartzen du. “Istorio bat kontatzen saiatzen naiz ilustrazioak sortzen ditudanean, oso narratiboa naiz. Horrekin zerikusia du nik jarraitzen ditudan egileen estiloak, jaso dudan erentziak”. Ilustratzailearen gogoan daude haur-tzaroan irakurritako liburu eta komikiak: Asterix eta Obelixen abenturak edo Bruguera argitaletxearen klasikoak, tartean Zipi y Zape, Mortadelo y Filemón edo 13. Rue del Percebe. “Ez naiz hor gelditu, bidean informazio berria gehitzen eta ikasten saiatu naiz, baina abiapuntu hori hor dago, oso garrantzitsua da”.

Hiru hamarkada elkarlanean

Atxaga-Valverde tandema 90eko hamarkadan hasi zen haurrentzako liburu ilustratuak plazaratzen. Aipatu Xola txakurraren lehenengo lan haren ondoren protagonista bera izan duten beste lau lan kaleratu izan dira, guztiak gaztelerara itzulitakoak; baita bestelako protagonistak izan dituzten istorioak ere, tartean Banbulo eta, azken aldi honetan, Ata Pank eta Ate Punky ahate lotsagabeak.

“Uste dut lan egiteko orduan lagunak izateak bidea errazten duela. Lan egiteko modu kapitalistaren kontrakoa dela esango nuke”, dio Atxagak. “Errespetu handia diogu elkarri eta gauzak disfrutatzen saia-tzen gara, ez errepikatzen, ideia berriak bilatzen”. Elkarlanak, bi egileek aitortu bezala, ez du inolako plan zehatzik jarraitzen. Nondik sortzen dira, orduan, ideiak? Idazle asteasuarraren arabera elkarrizketa batetik, egoera batetik, hitz batetik sortu daitezke. “Kontuan hartu behar da elkarren berri dugula etengabe. Laguntasuna hor dago, eta konfiantzan idazten eta hitz egiten dugu”.

Berriki Ata Pank eta Ate Punkyren hirugarren liburua plazaratu du Pamiela argitaletxeak, Bisita izenburupean. Azken lan honen sorkuntza prozesua hitz bakar batetik abiatu zela gogoan zuen Atxagak: “Prismantikoa zen hitza. Prismantikoa, ahatek horrela esaten dutelako, gaizki. Eta prismatikoa erabiltzeko zer behar dute izan? Espiak. Beraz, ahateek espia izan nahi dute… Normalean halako gauza ttikiekin abiatzen da istorioa”.

Abiapuntua, baita Valverdek berea egiteko ere: “Testua jasotzen dudanean, pertsonaiak nortasun zehatz batekin eraikitzen saiatzen naiz. Ez da prozesu oso intelektual bat, behin eta berriz egitea da kontua”. Ilustratzaile gasteiztarrak argi du zeintzuk diren bere inspirazio iturriak, nondik edaten duen bere marrazkiei “bizitza ematerakoan”. Tony Ross, Quentin Blake, Sempé… “Bihotza dantzan jartzen dizute euren marrazkiek. Bizirik daude. Hori da nire eskola, beraiek bezala, zerbait kontatzen saiatzen naiz, zerbait ukiezina dena baina hor dagoena”.

Izan ere, zerbait argi gelditu bazen astelehenean eskainitako solasaldian, bi egileek daukaten kontakizunarekiko errespetua izan zen. Inolako helburu pedagogiko edo hezitzailerik gabeko fikzioarekikoa, hau da, artearen aldekoa eta, oro ar, letra larriz idatzitako Literaturaren baitan sartzen den haur literaturarekikoa. “Erraza ematen du, baina Atxagak lortzen du oso hitz gutxirekin asko kontatzea, pertsonaien nortasuna ezagutzera ematera esaldi bakar batekin”. “Zernahi idazten duzula ere, jakina, beti daukazu kontutan irakurle bat, hala behar du”, azpimarratu zuen idazleak. Eta ilustratzaileak zehaztu: “Literaturak, nire ustez, irakurleak esperientzia bat edukitzea lortu behar du. Eta umeak oso azkarral dira, oso irekiak eta oso biziak. Tranpak segituan aurkitzen dituzte. Uste dut liburu onak merezi dituztela”. Literatura, azken finean.

20/10/2022