Cultura

Atzealdeko ahotsen hedadura zabaltzen

Uxue Alberdiren “Kontrako eztarritik” katalanera eraman zuen iaz Lizasok. Berriki, Etxepare - Laboral Kutxa sariketan euskaratik egindako itzulpen onenaren saria eman diote lan horrekin
Esti Lizaso saria jaso zuen egunean Uxue Alberdi Idazlearekin eta sariketaren antolatzaileekin.. / N. G

Ezustean harrapatu zuen Estibaliz Lizaso (Tolosa, Gipuzkoa, 1984)Pol•len Kataluniako argitaletxearen deiak. Proposamena zuten Lizasorentzat: Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik (Susa, 2019) katalanera itzuli nahi zuten. Iaz kaleratu zuten proposamen haren fruitua: Revers. Testimonis de donesbertsolaris izenarekin. Lan horrek eskuratu du Etxepare Institutuak eta Laboral Kutxak elkarrekin antolatzen duten lehiaketako saria. Euskaraz idatzitako literatur lanak beste hizkun-tzetan sustatzeko bidea egitea du helburu sariketak, besteak beste. Zubi lan horren alde agertu da Lizaso bera ere bai.

“Denak enkajatzen zuen”, adierazi du Lizasok. Izan ere, bere burua bertsozale gisa aitortu du. Are, interpretazio lanak egiten ditu bertso saioetan. Alberdi ere ezagutzen du, eta, gainera, liburua gaztelerara itzuli zuen Miren Iriarte lagun mina zuen. Ez zen hau literaturan egindako lehen itzulpen lana, J.K. Rowling edo Angela Davis euskaratuak zituen aurretik. Bazen, ordea, alderantziko norabidean egiten zuen lehen lana. “Katalunian bizi naiz, eta nire hizkuntzetako bat da”, Lizasok. Itzultzaileak azaldu du katalana ez duela hizkuntza akademiko gisa bizi, ahozkoan, hots, egunerokoan erabiltzen duela. Hain justu, liburua bera oso ahozkoa zelako eta bere hizkuntza maila zein zen jabe zela, itzulpenari “beste puntu bat” ematea jarri zuen erronka gisa. Irrika handiarekin ekin ziola kontatu du.

Ahots bikien bila

Jakina, beldur apurra ere sentitu zuela onartu du, lanerako hizkuntza hori ez baitzen bere ama-hizkuntza. Itzulpenek beti behar dut zuzenketa bat, eta horretarako konfiantzazko zuzentzaile katalan baten laguntza izan du.

Kontrako eztarritik liburuan, Alberdiren gogoetak eta sarrera modukoak daude, elkarrizketatutako bertsolarien solasaldiekin batera. Hizlari adina ahots. Ahots horien baliokide katalanak bilatzea izan zen Lizasoren erronka handietako bat: “Nik Miren [Amuriza] katalan bat, Onintza [Enbeita] katalan bat, Uxue [Alberdi] katalan bat nahi nuen”. Ildo horretan, azaldu du bertsolarien argazkiak jartzen zituela, eta beren hizkerari arreta jarrita eraikitzen joan zela bakoitzaren ahots bikia.

Hain zuzen ere, egindako lan zehatz horri aitortza egin diote Etxeparek eta Laboral Kutxak. Sari banaketaren egunean, epaimahaikideek azpimarratu zuten “hizkuntza guztiz benetakoa” erabiltzen duela eta lanak eskatzen zuen beharrari “modu eraginkorrean” erantzuten dion itzulpena dela. Gustura agertu da egindako lanarekin, eta pozik, era berean, egindako ahalegin horiek aitortu dizkiotelako. Uxue Alberdik bertso bat kantatu zuen saria eman zioten egunean, eta Lizaso ere animatu zen katalanez egindako itzulpenarekin, haren hitzetan, liburuan ageri diren bertsoak kantatuak izateko idatzi baitzituzten.

Liburua zubi

Katalunian ere bada ahozko inprobisazioarekin lotutako diziplina bat: glosa. Tolosarrak azaldu du glosak ez duela kulturalki bertsoak Euskal Herrian duen hedadura bera. Nahita edo nahigabe, haiengan pentsatzen zuen liburua itzultzen ari zela. “Sektorea askoz ere mugatuagoa da. Glosaren munduan era batera ulertuko dute, eta hala ere, hor daudenek zenbatera arte ezagutzen duten bertsolaritza ere ez nekien”. Zalantzak izan zituen, beraz, hartzaile potentzial horrekin pentsatzean. Gaztelerazko bertsioan bertsolarien argazki eta sarrera bana egin zuten,glosario modukoa osatu, eta tarteka oinoharrak txertatu zituzten. Baina, Lizasok ez. “Eskola funtzionalaren aldekoa naiz”, esan du irri artean. Hari horri eutsita, itzultzaileak azaldu du liburuaren ardatza ahozkotasuna izanik, erritmoa mantendu behar zutela, glosarioen, oinoharren eta bestelakoen oztoporik gabe. “Liburua bertsolaritzaren inguruan kokatuta dago, baina, edukian sartzen zarenean, ikusten duzu gaiak unibertsalak direla”. Eta hariari gehiago tira eginez, konparazioa egin du euskarazko irakurleek beste literaturetatik irakurtzen dutenarekin: Palestinaz, Amazoniako oihanaz irakur-tzean bere horretan irakurtzen dituzte, testuinguruaren informazioarekin osatuta. Ikaskuntzarako tartea uzten duela ere esan du Lizasok, eta hori bera egin nahi zuela berak ere.

Hizkuntza gutxituen arteko alian-tzei garrantzia eman die, halako lanak egin ahal izateko. Euskara eta euskarazko lanak beste hizkuntzetara zabaltzea merezi duela uste du Lizasok, eta literaturak horretarako zubi gisa beharrezkotzat jo du.

08/11/2024