Bueltan da Loraldia Festibala. Garai bateko Lore Jokoen modura, 2015az geroztik Bilbok duen urteroko zita itzuli da hirira. Parada bat euskal kulturaren adierazpideetako artistek lanak plazaratu, eta euskal komunitateko kulturzaleek egungo eszenaz goza dezaten. Aurten, Gabriel Aresti bilbotarrari omen eginez, Mailua gara! lelopean aurkeztu dute ekimenaren edizio berria. Guztira, 24 emanaldi baino gehiago prestatu dituzte, musikaz, bertsoaz, antzerkiaz eta bestez osatutako egitarau oparoarekin. Hitzaldiak eta tailerrak ere izango dira, Loraldia Terminala, gazteentzako zikloarekin, esaterako. Horiek guztiak iragan hilaren 9az geroztik, 26ra bitartean. Tartean, Loraldia Festibalak berak ekoitzitako Galerna. Azken bidaia kontzertu berezia izango da. Leioako gazteen Kantika Koralaren eskutik, eta beste hainbat artistez lagundurik, martxoaren 19an, igandearekin, estreinaldia egingo dute Arriaga Antzokian. Sarrerak aspaldi agortu zituzten.
Duela ehun urte baino gehiago Bermeon izandako galerna gogorra ekarriko dute gogora opera eszeniko honetan.
Koralaren zuzendaria da Basilio Astulez, eta haren hitzetan, proposamena jaso zutenean “ohiko kontzertu-moldetik” ateratzeko gogoa adierazi zuten, bai koralak, baita ekoizleek ere: “Aurrerapauso bat egiteko asmoa genuen”. Gaiari heltzeko, berriz, euskal kulturaren oinarrietara jo zutela azaldu du. Asmoa zen tradizioa berpiztea eta birmoldatzea. Horregatik, uraren kontzeptua bururatu zitzaienean, zuzenean lotu zuten Euskal Herriak itsasoarekin duen harremana.
Ideia-ekaitza
Duela ehun urte baino gehiago, 1912ko abuztuaren 12an, Bermeon izandako galerna gogorra ekarri zuen gogora sorkuntza-kide batek proiektuaren hasierako bileretako batean. Gertakizunaren egunean, ohi bezala itsasoratu ziren arrantzaleak, beren txalupetan, lurra eta andreak atzean utzita. Artean ez zen lurrun-ontzi gehiegirik Bizkaiko Golkoko herrietan, haizeek bultzatutako txalupak ziren nagusi, eta eskuz jasotzen zituzten sareak. Iluntzerako baina, hego-haizea bat-batean aldatu, eta Islandiatik zetorren borraska batek itsasoa bizi-bizi jarri zuen. Diotenez, 12-15 metroko olatuak ere izan ziren, gau osoan zehar. Lurretik 80 bat kilometrora zeuden 114 arrantzale hil ziren osotara, gehienak bermeotarrak; baina lekeitiarrak, elantxobetarrak eta ondarroarrak ere baziren tartean.
Hala bada, gaiaren potentziala lantzen hasi zirela azaldu du Astulezek eta izenak eta kideak gutxinaka joan ziren kateatzen: David Azurza konpositoreak egin ditu partiturak, Juan Kruz Igerabide idazlea, zeina testuaren egilea baita… Gutxinaka, ikuskizunaren piezak elkartuz joan ziren. Talde artistikoarena izan zen dokumentazioaren ardura. Informazioa jasotzeaz gain, herritarren lekukotasunak ere jaso dituzte, hildakoen ondorengo senideekin bildu dira eta.
Opera eszenikoa edo kantata modukoa izango da Arriagako oholtzan publikoak ikusiko duena, Kantika haur-korua erdigunean izango duena. Astulezek “iraultzaile” iritzi dio horri, izan ere, opera tradizionalean korua detailetzat edota osagarritzat erabili izan da. 48 kantariak, kontrara, garrantzi handikoak izango dira Galerna emanaldian, zuzendariaren arabera: “Itsasoaren elementuak irudikatzen dituzte, zentzu abstraktu batean, baita bermeotarren erreakzioa eta tristura”. Koruari laguntzeko, ordea, seikote instrumentala izango da, hiru koru-kide bakarlari, eta antzezpenaren partea egingo duen Jon Ander Urresti aktore bermeotarra.
Txarra nola, ona ere bai
Kantika Koralaren zuzendariak azpimarratu du ez dela egingo gertakizun triste haren irudikapen espliziturik. Hots, marinelen txalupak edota emazteak ez dira ageriko, islatuta agertuko diren arren, abstraktura joko dute irudiek. Are gehiago, hala mintzatu da ildo horretan: “Sentimenduak oso modu indartsuan eta sakonean transmitituko ditugu, zentzu garaikideago batean”. Hain justu, sentimenduen garrantzia behin eta berriz aipatu ditu Astulezek, horrek duelako bere iritziz zentraltasuna eta indarra lanean. Itsasoak duen alderdi negatibo hori onartu, baina gauza onak ere aitortzen dizkiote obra honetan: “Berri txarrak ekartzen dizkigu batzuetan, baina baita onak ere. Itsasoarekin bizi gara eta hori, gizarte gisa, onartu genuen, onartzen dugu eta onartu beharko dute”. Era berean, iraganeko gertakizunak eta ohiturak gaurkotasun handiko gaiekin uztartuko dituzte. Ikuskizun osoan zehar, egungo migratzaileek bizi duten krisi humanitarioaren irudiak agertuko dira bertan, pateretan itsasoak zeharkatzen dituzten etorkinen irudiak alegia.
Iraganeko gertakizunak gaurkotasun gaiekin uztartuko dituzte, egungo migratzaileek bizi duten krisi egoera latzaren irudiekin.
Prozesua “gogorra bezain polita” izan da koru-zuzendariaren arabera. Adierazi duenez, koru-kideak hamar urtetik gorako nerabeak dira, eta profesionalak ez diren arren, “emaitza profesionalaren bila” aritu dira azken hilabeteetan, eta hari horretatik “luzea, sakona eta emozionantea” izan dela ondorioztatu du. Adibidera aipatu du eguberrietan astebetez egindako entsegu-egonaldi modukoa. Goizez eta arratsaldez aritu ziren artista guztiak elkarrekin, era intentsiboan, piezaren zirrikitu guztiak ongi josteko. Ordurako prest ziren kantariak, sei-zazpi hilabetetan zehar buru-belarri aritu direlako Galerna obrarekin. “Teknika handiko lana da, ordu asko behar dituena”, Astulezek, obraren prestaketaren inguruan. Hala bada, ongi ikasia zuten opera. Lucia Astigarragak izan du eszena zuzentzeko ardura. Harrituta azaldu da Astulez gazteek izan duten jarrera positiboarekin, zuzendarien agindu eta aholkuei adi-adi jarraitu baitiete: “Luciak eskatu dizkien mugimenduak eta sentimenduak oso garrantzitsuak dira opera honetarako, eta oso ongi ulertu dute hori, baita lortu ere”.
Horri gaineratu dio gazteentzat esperientzia “izugarria” izan dela berriz ere gisa honetako obra batean parte hartzea. Baina, hala ere, onartu du ez dela berria profesionalen modura ibiltzea: “Koralak badu halako proiektuekiko jarrera ona, nolabait”. Kantikako gazteek badute esperientzia luzea diziplina arteko emanaldiekin, beste modu batzuetan bada ere. Eszenografia, mugimendua, presentzia… ez zaizkie arrotz egin.
Koru-gidariaren hitzetan, kantarien adina kontuan hartuta, maila handiko ikuskizuna da, helduek egingo luketenaren maila berekoa. Ildo horretan esan du bere iritzia ez dela guztiz objektiboa, baina urtarrilean Kultur Leioan egin zuten aurre-estreinaldira bertaratutakoek aukera izan zuten gozatzeko, eta lanaren maila azpimarratu zuten.
Erroak ardatz
Bermeori keinuak ezin zenbatuzkoak dira Galerna. Azken bidaia lanean. Batetik, Bermeoko seineruen legendak oholtzaratuko dituzte. Musikari dagokionez, Azurza konposiziogileak keinu batzuk egingo dizkio Bizkaiko kostako herriari, melodia tradizionalen bidez. Astulezek esan du publikoa gain izango dela pista horiek eta irudietan eta dantzetan egindakoak ere identifikatzen, “baina ez modu erosoegian”, piezak duen izaera abstraktua dela eta. Jon Ander Urresti aktorea, gainera, bere jatorrizko euskalkian arituko da, eta horren xarma eta egiazkotasuna goraipatu ditu.
Loraldiaren ekoizpena, ordea, ez da eskuartean duten proiektu bakarra. Leioar gazteen Kantika Korala Istanbulera begira dago, apiril amaieran Munduko Simposiumean parte hartzekoak baitira. Bi urte daramatzate prestatzen ekitaldi horren parte izan ahal izateko, hautaproba zorrotzak egin behar dira eta. “Bihotza erdibiturik dugu bi proiektu hauekin”, mintzatu da zuzendaria. Ez da makala bi lan handiri heldu beharko baitiete hilabete eskasean. Kontrara, egindako lorpenekin “oso pozik” daudela esan du Astulezek.
Hala, bihar bertan, Loraldia Festibalaren testuinguruan, estreinaldi ofiziala egingo dute Arriaga Antzokian. Jada sarrerak eskuragarri ez dauden arren, asmoa azaldu dute Euskal Herrian barna istorio horren berri emateko. “Une honetan datarik ez dugu, baina gure aldetik bada Galerna-ri bizitza luzeago bat emateko asmoa, prest gaude”. Ez hori bakarrik, estatu mailan eta nazioartean ere kantatu nahiko lituzkete, euskaraz, zorigaitzeko gertakizunaren tragediak. “Ilusio handia egingo liguke Euskal Herritik kanpo ere Galerna ezagutaraztea”, eta erantsi du aukera paregabea dela atzo, gaur eta bihar elkartzen dituen itsasoaren berri izateko.
Bestalde, Astulezek azaldu du, gazteek egiten duten arren, haurrek nahiz nagusiek ikusteko modukoa dela, familia osoarentzat izan daitekeela gozagarri: “Musika eta dantza maite duten guztientzat. Euskal kultura maite dutenentzat”. Une hauetan azken ukituak fintzen dabiltza, aurre estreinaldikoak kontuan hartuta, dena ezin hobeto atera dadin lehen emanaldi ofizialaren egunean.