Cristina Herrero Eran-tzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteko (AIReF) presidenteak atzo Kongresuan aitortu zuenez, zalantzan ibili omen zen 2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektua eraiki den koadro makroekonomikoa bermatu ala ez, dituen “urritasunengatik” “biziatuta jaio” delakoan.
Behe Ganberako Aurrekontu Ba-tzordearen aurrean egindako agerraldian, Herrerok kritikatu egin zuen aurtengo itxierarako kontu berriek “diru-sarreren aurreikuspen errealistarik” ez izatea, eta ez kontuan hartu izana egun batzuk geroago iragarri eta Bruselara bidalitako Aurrekontu Planean sartu diren krisiaren aurkako neurrien luzapena.
Kontuetan kontabilitate mailako informaziorik ez dagoela kritikatu zuen, ez doikuntzari dagokionez, ezta Berreskuratze Plana gauzatzeari dagokionean ere. Arazo hori “ez da oraingoa”, baina kontabilitate nazionalean adierazi gabeko 12.000 milioi baino gehiagori eragiten omen die.
Zer gertatuko litzateke AIReFek abalatuko ez balu? AIReFeko presidenteak hitzaldian adierazi zuenez, erakundean bertan eztabaida sakona planteatu zen zer egin erabakitzeko, legeak ez baitu aurreikusten uztailean argitaratutako koadro makroekonomikoari buruzko adierazpenik egitea, oinarri horietatik abiatuta eraikiko zirenez azken kontuak. Orduan, euren aurreikuspenen arabera, hazkundea %2koa izango zen, Gobernuak zioen 2,7koaren aurrean; orain, aurreikuspen ekonomikoak okertu direnean %1,5era jaitsi du, Gobernuak berriz %2,1ari eutsiz.
“Aurrekontu batzuk, ez Estatuarenak bakarrik, baita autonomia-erkidegoenak ere, aurreikuspen makroekonomiko jakin batekin egin badira, zer gertatuko litzateke AIReFek bermatuko ez balitu? Denak itzuli beharko lirateke?”, galdetu zion Batzordeari, tarte handiagoa eskatuz horrelako egoerak bideratu ahal izateko, aurrekontu-izapidetza hain aurreratuta egon baino lehen.
Koadro makroekonomiko horrek AIReFen bermea urrian baino uztailean izatea eskatzeaz gain, diru-sarreren eta gastuen aurreikuspena eta politika fiskaleko neurriak ere sartzeko eskatu zuen Herrerok.
Kontu horien kasuan, AIReFeko presidenteak argi kritikatu zuen “diru-sarrerak ixteko aurreikuspenen zati bat (2022rako) ez dela erreala”. Herreroren iritziz, aurrerago marjina handiagoa izatearen alde Gobernuak diru-sarrerak gutxiesteko erabakia hartu izana –María Jesús Montero ministroak berak azaldutako erabakia da– ez omen da “zuhurtziazkoa”, likidazioari buruz eskuragarri dauden datuak kontuan hartuta.
Kritika eginez jarraitu zuen, kontu horiek prestatzerakoan, alegia, Gobernuaren plangintza ekonomikoa egiterako orduan, energia-krisiari eta prezio-krisiari aurre egiteko neurri-sorta ez sartu izanarekin, “aurrekontua aurkeztu eta astebetera” neurri gehigarriak iragarriz. Horren guztiaren adierazgarri aipatu zuen AIReFeko presidenteak, Aurrekontu Planak bi agertoki aurreikusten dituela, neurrien luzapenarekin bat eta gabe bestea; baina, hala eta guztiz ere, gastuaren bilakaera-tasa “ia berdina” omen dela bietan.
AIReFeko ordezkariak esandakoak kritikak eragin zituen oposizioaren artean, bai kontuak errailetatik atera nahi dituzten alderdietan, PPn eta Voxen, baita babesteko prest daudela aitortzen duten alderdietan ere.
“Txosten suntsitzailea” zela adierazi zuen Idoia Sagastizabal jeltzaleak, eta ezin duela ulertu nola bidaltzen zaion Europako Batzordeari kontu publikoetan jasota ez dauden diru-sarrerak eta gastuak jasotzen dituen agertoki bat. Makro-koadro hori AIReFek berak bermatu zuela nabarmendu zuten, aldiz, PSOEk eta Unidas Podemosek. “Txostena ez da suntsitzailea, egoera ekonomikoa eta gerra dira suntsitzaileak”, justifikatu zuen PSOEko Patricia Blanquerrek.