Euskadiren alde IBMk egin duen apustua euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemaren aitortza berri bat da. Euskadik zientzia-oinarri sendoa du teknologia kuantikoen, superkonputazioaren eta adimen artifizialaren arloetan, bikaintasuneko ikerketa (oinarrizkoa zein aplikatua) zentroen bere sarean sostengatzen dena. Berrikuntza Handiko Eskualde gisa aitortua Europar Batasunaren aldetik eta Bikaintasun-polo izanik, bere zientzialarien kualifikazio altuak −talentu zientifikoa erakarri, mantendu eta sorterrira bueltatzeko xedearekin Ikerbasque Fundazioak egiten duen lanaren babesarekin ere indartua− puntako eta berrikuntza-balio handiko bazkide bilakatu du Euskadi.
Helburu horrekin, BMren Thomas J. Watson ikerketa-zentroak hartu du atzo arratsaldez (New Yorkeko ordutegian) IBMko presidente eta zuzendari nagusi Arvind Krishnak eta Hezkuntza sailburu eta Ikerbasqueko presidente Jokin Bildarratzek egin duten bilera. Hitzordua, IBMk eta Eusko Jaurlaritzak −Ikerbasque Fundazioaren bidez− atzo, osteguna, Madrilen sinatu zuten akordioaren ondoren iritsi da. Akordio horren eskutik, Euskadik IBMren Konputazio Kuantikoko Zentro berri bat hartuko du, eta IBM Quantum System One bat instalatuko da bertan. Honela, Euskadik entitate zehatz bati eta bere erabiltzaileei eskainitako seigarren IBM Quantum System One ekipamendua hartuko du Estatu Batuen, Alemania, Japonia, Kanada eta Hego Korearen atzetik.
Ikerbasque Fundazioak, Eusko Jaurlaritzaren finantzazioaren bitartez, 50,8 milioi euroko inbertsioa egingo du. Zenbateko hori proiektua beren lurraldeetan garatzeko xedearekin foru aldundiek egingo dituzten ekarpenekin osatuko da. Aipaturiko hau euskal erakundeek zientzia-azpiegitura baterako inoiz egin duten inbertsiorik handiena izango da.