Berebizikoa da turismo sektoreak Lekeitioren ekonomiari egiten dion ekarpena. Beraz, logikoa da udalerriko baliabide turistikoak berritu nahi izatea eta ahal den heinean hauek zabaltzea. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arduradunen laguntzarekin eta tokiko sektorearen ordezkaritza bertan izanda, atzokoan Udalak turismo bulego berria zabaldu zuten ofizialki. Santa Elena etorbidean, Álvaro Líbano arkitektoak 1962 urtean diseinatutako kokalekuan eta antzinako gasolindegia zenaren eraikinean dago. Berriagoa, erosoagoa eta modernoagoa, Koldo Goitia Lekeitioko alkateak pandemia aurretik –2019 urtean– urtero biltzen ziren bisitari kopurua gainditzean jarri zuen helburua. Orain arte lortutako datuen arabera, hala izango dela uste dute. “Pandemia aurretik, urtearen arabera, 25.000 bisitarik erabiltzen zuten turismo bulegoa, aurtengo aurreikuspenak datu hori gaindituko dugula ematen du”, azaldu zuen Goitiak.
Asebetetze maila
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado edota Bizkaiko Foru Aldundiko Turismo zuzendari Cristina Mugica irekiera ekitaldian izan ziren. Eta lehenegoaren esanetan, turismo bulegoak “garrantzitsuak” dira “bisitariekiko tratuan eta helmugan duten esperientzian, batez ere turisten etorrerarako hain itxaropen onak dituen urte honetan”. Itourbasque sarearen barne, baliabideen hobekuntzan inbertitzeko beharraz jardun zen. “Euskadira datozen turisten % 62 ingurune hurbileko gomendioengatik etortzen dira”, azaldu zuen. Halaxe da Lekeition detektatzen duten tendentzia ere.
“Horregatik, funtsezkoa da haiei esperientzia positiboa biziaraztea, gure enbaxadore onenak izan daitezen”. Azterlan beraren arabera, “bisitatzen gaituzten turisten ia %90ek oso positiboki baloratzen dute Euskadi helmuga turistiko gisa, baita helmugaren kalitatea eta jasotako tratua ere, ezagutzen dituzten beste helmuga batzuen aldean. Eta ia % 100ek hurbileko pertsonei gomendatuko liekete Euskadi helmuga. Gainera, fidelizazio-tasa handia dugu”, adierazi zuen.