Gipuzkoa

Aurten ere udako programez gozatu ahal izango dute haurrek Hondarribian

Uda Jolas eta Uda Abentura programetan izena emateko epea astelehenean irekiko da
Maria Serrano Gazteria zinegotzia Uda Jolas eta Uda Abentura programen aurkezpenean. | ARGAZKIA: N.G.

Beste urte batez, uztailean 5 eta 14 urte bitarteko haurrentzako Uda Jolas eta Uda Abentura programak burutuko dira. Udalak antolatua, lehenengoaren helburua umeei udan aisialdirako jarduerak eskaintzea da, hezkuntza-espazioaren bitartez talde-esperientzia positiboak sustatuz.

Zehazki, Uda Jolas Hondarribian bizi diren 2012 eta 2018 bitartean jaiotako haurrei (5-11 urtekoak) zuzendutako ekimena da. Uztailaren 3tik 28ra egingo da, Talaia Bordari LHI zentroan eta 220 neska-mutilek parte hartu ahal izango dute. Kuotari dagokionez, 80 eurokoa izango da lehen seme-alabarengatik eta 70koa bigarrenetik aurrera.

Bestalde, Uda Abentura Gazteria sailak antolatzen du ere, 2009, 2010 eta 2011. urteetan jaiotakoentzat (12, 13 eta 14 urtekoak). Honen bitartez, aisialdirako, dibertsiorako eta bizikidetzarako leku bat eskaini nahi zaie haurrei, beren gozamenerako eta autonomia pertsonala finkatzeko.

Kasu honetan bi txanda izango dira, uztailaren 3tik 13ra eta 17tik 28ra, bakoitzean 50 neska-mutilek parte hartuko dutelarik. Goiz eta arratsaldezko ordutegia izango du eta kuota 140 eurokoa izango da.

“Bi programak euskaraz egingo dira eta, beraz, parte-hartzaileek bere taldekide zein monitoreekin euskaraz jarduteko gai izan behar dute”, azaldu zuen Maria Serrano Gazteria zinegotziak.

Uda Jolas zein Uda Abenturan parte hartzeko aurretiko izena emateko epea astelehenean hasiko da eta apirilaren 2ra arte egongo da zabalik. Online egiteko aukera bada, www.hondarribia.eus gunean. Bestela, Gazteen Zerbitzuan egin behar da, astelehenetik ostiralera 16.30etik 19.30era da eta larunbatetan 10.00etatik 13.00etara. Epea amaitzen denean, zozketa egingo da izena eman dutenen artean, eta apirilaren 21etik aurrera emaitzen berri emango da.

24/03/2023