Cultura

"Autoedizioak eta fanzineak egitea maitasun ariketa bat da"

Editore lanetan ibili da Eneka Fernandez azken 15 urteetan. Besteen lanak editatu ez ezik, bera ere jardun da sortzaile. Hainbat fanzine eta bi argazki liburu publikatu ditu. Azkena, ama Carmen protagonista duen 'Gran Sol'
Argazkian, Eneka Fernandez Donostiako etxean duen estudioan.

Formatu txikia, pisu gutxikoa, merkea eta gordetzeko erraza. Horrela ezaugarritzen ditu Eneka Fernandez (Donostia, 1977) editoreak fanzineak. 2003. urtean ezagutu zuen hurbiletik berak formatua, Bartzelonako La Central liburu dendan lanean hasi zenean. Ordutik, fanzine eta autoedizioen munduan murgilduta dabil. Orain, amari eta garai bateko belaunaldiei eskainitako argazki liburu batekin azaldu da plazara: 'Gran Sol'. Urte batzuk atzera, aitari eta itsasgizonei eskainitako Terranova argazki liburuan hasi zen ernaltzen 'Gran Sol'.

Ibilbide mardula duzun arren, gaurkotasunetik hasita 'Gran Sol' argazki liburua argitaratu berri duzu, amari eta belaunaldi bateko emakumeei eskainia. Zer kontatu nahi izan duzu? 

Zaila da Gran Sol-i buruz hitz egitea Terranova aipatu gabe. Bata bestearen atzetik datoz, eta bata jaio zen bestetik ateratako behar batetik. Nik lehenengo liburua, Terranova, egin nuen itsasgizonei edo itsasoan ibilitako gizonei eskainia, eta eskaintzan bertan aipatzen nuen "A Jose y todos los hombres que faenaban en alta mar" y "a Carmen y a todas las mujeres que los esperaban en tierra". Pentsatzen nuen: eta zer gertatzen zen itsasoan zeuden bitartean, etxeetan zer gertatzen? Ez kontatutako ze istorio daude hor? Egunerokotasuna delako ez du merezi kontatzeak? Istorio txikiagoak norbaitek kontatzen ditu? Asmoa ez zen lehenago egitea liburu bat aitarentzat eta gero beste bat amarentzat. liburua ulertuta eta baloratuta, bigarrena atera zen. Argi neukan ama izango zela protagonista, ama belaunaldi baten adibide bezala. Dira istorio nahiko kolektiboak. Nire ama 1934an jaio zen eta guzti horrek ekarri zuen ere bere heziketa, bere izaera eta ze bizitza mota izan zuen: ikasketarik ez, lanean txikitatik, lehenago neba-arrebak eta gero senarra zaintzen, gero seme-alabak… Iruditzen zait oso figura indartsua zela kontatzeko.

Zer kontatu bazenuen beraz, nola heldu zen gero. Nolakoa izan da prozesua? Kendu, jarri, gehitu, hautatu…

Familia albumetako argazkiez gain, beti nituen buruan amak esandako esaldi batzuk: "me casé de negro, era la moda de la época", "compramos la casa a tocateja"… dira etxean behin eta berriz entzun dituzun gauzak, ez diezunak balore erantsi bat ematen, egunerokotasunaren parte, baina testuinguru horretatik aterata oso indartsuak iruditzen zitzaizkidan. Banekien liburu honek edukiko zuela hitza eta irudiaren artean oreka bat. Gainera, ez neukan materiala soberan. Ama jaio zenean jendeak ez zuen argazki kamerarik, estudioetan eta zeuden, orduan bere txikitako argazkiak dira gurasoekin estudio batean, eskolan eta jaunartzekoa.

Autoedizioa duzu hau, baina aspaldi ekin zenion bide honi. Zer dela eta hautua?

Dena dator liburu denda batean lanean hasi nintzelako. 2007an, Bartzelonan bizi nintzela, La Central liburu dendan hasi nintzen lanean. Autoreak etortzen ziren eta beraien lanak erakusten zizkiguten ea zer interesatzen zitzaizkigun dendan saltzeko, eta zuzeneko harreman horretatik hasi ginen sekzio bat egiten eta hasi nintzen arduratzen autoedizio eta fanzineez. Ordurako, fanzineak egiteko beste baliabide batzuk zeuden: ordenagailuak, inprimagailuak, maketazioa egiteko programak… bat-batean eskura genituen beste baliabide batzuk eta 2008, 2009 eta 2010. urteetan fanzine eta autoedizio pila bat egiten hasi ziren. Hori izan zen nire lehenengo kontaktu kontzientea autoedizio eta fanzineekin. Formatu horiek zaindu, txukun eduki, bistan jarri… oso formatu txikiak dira eta apalategi batean jartzen baldin badituzu inork ez ditu ikusten. Behar dute beste mimo bat eta niri hori asko interesatzen zait. Nire izaeraren parte ere hori bada: gauzak zaintzea eta mimatzea. Formatu txikiak maite ditut. Gainera merkeak dira, errazak dira etxean edukitzeko, liburuek pisu gutxi dute… jarraian maitemindu nintzen formatu honekin.

Nolakoa da autoedizio eta fanzine formatu xumeen mundua? 

Alde positibo pila bat ditu. Egia da ez duzula dirua aterako hau egiten, oso konplikatua da, prezio txikietan saltzen diren publikazioak direlako. Halere, ni hasi nintzenean krisi ekonomiko garaia zen: lehen 60 euroko liburua erosten zuenak orduan 30ekoa erosten zuen. Eroste ahalmena jaitsi egin zen. Iruditzen zitzaidan ere bai kanpoko jendeak ikusten zuela inguruko autoreen lanak bertan aurkitzen zenituela, orduan beste modu batera baloratzen zen argitalpena. Merkeak ziren, bertako artisten lanak ziren, ia ia primiziak… Lotura argitalpen horrekiko beste bat da, intimoagoa da. Askotan autorea zeneukan bertan bueltaka edo guk egiten genituen zubilan hori. Hor balore geruza pila bat daude. Bestalde, bazegoen liburu bat egiteko grina, baina, da helburu handiegia batzuetan. 150 orrialdeko publikazio bat egiteko lan mardula eta diru asko behar dira. Baina, proiektu txikiak argitaratzeko, autoedizioak edo fanzineak, oso formatu egokiak dira argitalpenen mundura hurbiltzeko aitzakia polita da, nola funtzionatzen duen ulertzeko modua da.

Fanzine eta autoedizioen bilduma ere baduzu zuk zeuk.

2010ean hasi nintzen erosten. Buruan daukadan lehen erosketa Eloy Jimenoren Helsinki publikazioa da. 

Badu alde txarrik autoedizioak?

Denbora inbertsio handia da eta ikusi dut denborarekin energia maila mantentzea konplikatua dela. Maitasun ariketa bat da. Nik neuk ere sumatu nuen etenaldi bat baina iruditzen zait beti izango dela eskura dagoen aukera bat. Bestalde, badago objektuaren, parte analogikoaren, atrakzioa ere bai.

'Gran Sol' da Fernandezen sorkuntza berria, amari eskainitako argazki liburua. Ruben Plaza

Aro digitalean, 2022an, zu zeu, paperaren aldekoa zara, esta?

Jasangarritasunaren alde ere banago. Iruditzen zait aleak eta aleak argitaratzeak ez daukala zentzurik. Merkeago ateratzen da ale gehiago egitean, baina hainbeste mugitu, gorde, saldu… egin behar dira. Jakin behar da: zenbat ahal ditut saldu? Horren arabera aleak sortzea iruditzen zait dela jasangarriena. Zenbat biltegi daude saltzen ez diren liburuz beteta? Autoedizioak badauka puntu jasangarri hori. Tirada txikiak egiten dituzu. Nire kasuan bi liburuek 200 ale dituzte. Gutxi dira, baina nahiago dut. Errazagoa da mugitzea, saltzea, etxean gordetzea… eta gero aukerak daude beste formatu bat bilatzeko edo edizio berezi bat egitea. Egia esan nik ez dut liburu digitalik irakurtzen, liburuak irakurtzen ditut beti paperean. Badago niretzat materialtasunaren zera hori: orriak pasatu, usaina, pisua, paperaren leuntasuna... zentzumen guztiak sartzen dira hor.

Hortaz, edukia bezain garrantzitsua al da forma?

Bai. Oreka bat egon behar da. Ze txarra den forma oso interesgarria daukan proiektu bat, baina gero edukia ez dagoenean maila berean. Eta ze pena guztiz aurkakoa ere. Batak eta besteak eskutik joan behar dute eta objektuak egin behar duena da kontatzen duena bildu, besarkatu eta gora egin. Erabaki horiek esperientzia aldatu egiten dute, detaileek esanahia daukatelako. Bide beretik joan behar dute, kontrako bidetik baldin badoaz ez dugu ulertzen.

Autoedizio eta fanzineen mundu honetan kontsumitzaile eta egile izan zara.

Egiten duenak erosi ere egiten du. Zurean dauden besteen lanak babesteagatik. Normalean bi aldeetan egoten gara. Egitea ere nik izugarri bultzatzen dut, praktika hori ikasteko oso modu ona baita. Eginez ikasten da. Oso ariketa interesgarria da eta fanzineak egiteak hori irakasten du. Eta nire fanzineek ez daukate zerikusirik liburuekin, baina bai izan da niretzat garapen logiko bat. Fanzineekin hasi modu oso xume eta dibertigarrian eta gero apurka liburuetara iritsi.

Nola ikusten duzu gaur gaurkoz autoedizio eta fanzineen mundua?

Ez da lineala, badaude goraldiak eta etenaldiak. Maitasun ariketa bat da eta egiten da denbora, proiektuak zein baliabideak dituzunean; beraz, nahiko ezegonkorra da. Azkenaldian proiektu asko ikusi ditut eta proiektu landuagoak ere bai: hitza eta irudia elkartu, formatuekin esperimentatu. Istorioak baldin badaude, beti egongo dira publikazioak; kontatzeko gogoa baldin badago, beti egongo da formatu hori. Eta ez dut garai txarra ikusten. Badaude etenak eta badaude erreleboak ere. Zaila da energia maila berdina mantentzea, baina beste norbaitek hartuko du lekukoa eta jarriko dio indarra. Nik bilduma osatzen jarraitzen dut, hori da adibidea. 

Zuk zeuk ere hementxe jarraituko duzu.

Erosten eta babesten, seguru. Eta orain beste formatu bat egitean sentitzen naiz fanzineetatik harago, bana gauza batek ez du bestea kentzen. Topaketek eta azokek, adibidez, grina sortzen dute, data bat edukitzeak sortzeko gogoa berreskuratzen laguntzen du, eta baita besteen lanak ikusteak ere. Gran Sol-ek eduki duen harrera oso polita izan da. Nik uste ere istorio txikia delako eta txikia izanik gertuko ikusten dugulako, jende asko ikusi da irudikatuta. Horrek pizten dizu beste proiektu batzuk egiteko nahia. Istorioak toki guztietan daude, eta denok ditugu inguruan kontatzea merezi dutenak. 

19/10/2022