Buscar
Navarra

Auzo solas

Argaz bertzaldeko jendearen eskakizunak izan dira albiste azkenaldian. Jakina, Argaz bertzaldea erraten dugularik, badakigu zertaz ari garen, errekaz haratago dauden auzoez, betiere erripan gora dagoen hiriaren ikuspuntutik, Arga muga baita, mendez mende hainbat zubi izan badira ere muga hori urratzen saiatzeko. Udalburuak erreka zeharkatu berri du Arrotxapeko bizilagunekin bilera egiteko, baina ez dirudi kontent itzuli denik udaletxera Santo Domingon goiti, epelak entzun eta gero. Paella-jatearen inguruko debekuaren ondorioak. Haratago, trenbidez bertzaldean, Buztintxurin, eskola-bide seguruak eskatu dituzte ikastetxearen inguruan. Udalak entzungor egin die. Argaren eta trenbidearen artean, berriz, Sanduzelai, hau da, egunero 45.000 ibilgailuk gurutzatzen, zatitzen, bereizten, kutsatzen duten auzoa. Bizilagunek goitik behera aldatu nahi dute egungo bidegurutzea, trafikoa lurpera eramateko eta oinezkoak gainetik ibiltzeko. Gaur egun, jendeak lurpeko pasabidetik gurutzatu behar du, eta autoak, berriz, bide-taloaren gainetik dabiltza. Udal gobernu taldeak garesti iritzi dio bizilagunek proposaturiko konponbideari. Bitartean, Argaz alde honetan, beren ahotsa ere plazaratu dute bertze bizilagun batzuek, eta oraingoan kexu udalarekin. Hori berez bada albistea, hau da, Bigarren Zabalguneko auzo elkartea haserre egotea egungo udalarekin. Nafarroa Behereko etorbiderako udal asmoak dira eztabaida iturri. Etorbide hori ardatz nagusietako bat da trafikoarendako, hiria alderik alde zeharkatzeko. Beloson gora heldu diren autoak hartzen ditu, baita Mendillorri, Erripagaña eta Sarriguren aldetik datozenak ere. Bigarren Zabalguneko auzo elkarteak garraio publikoa bakarrik ikusi nahi du etorbidean. Gobernu taldeak erran du hori ezinezkoa dela. Eta, bitartean, zer diote oposizioko taldeek? l

2022-11-07T10:29:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo