Buscar
Actualidad

Auzolanari esker eraikitako proiektua

50 urte bete ditu ikastolak eta, egunez egun, esku artean daukagun proiektua indartzen jarraitzen dugu
Olentzeroren postontzian pertsonaia mitologiko desberdinen laguntza izan genuen.
Olentzeroren postontzian pertsonaia mitologiko desberdinen laguntza izan genuen.

Iñigo Aritza Ikastolaren proiektuak bost hamarkada bete dituenean, hasiera haietako proiektua eta gaur egun esku artean duguna alderatuz gero, ardatz nagusiak eta indarguneak berdinak izaten jarraitzen dutela sumatzen da: herritik sortutako proiektu bat dela herriak dituen hainbat beharrei aurre egiteko, euskara eta euskal kultura ardatz dituela momentu eta ekintza orotan eta guztia aurrera eraman ahal izateko, ezinbestean proiektuan sinisten duten familia askoren elkarlana eta auzolana. Zaila da imaginatzea 60ko hamarkadan hasitako ibilbideak aurrera egiteko aukera izatea helburu berdinagatik borrokatzeko prest zeuden Sakanako familiak elkartu izan ez balira.

Iñigo Aritza Ikastolako ibilbideak aurrera egin ahala, proiektuak geroz eta indar gehiago hartzen joan zen heinean, auzolana ere aldatuz joan da. Hasierako urteetan familia gutxi horien auzolana eta elkarlana ezinbestekoa izan zen aurrerapausoak emateko. Baina urteak badira era antolatu batean auzolanak gauza-tzen ditugula ikastolako ia 200 familiok. Herri mailako olentzero egunean eta errege egunean, eguberrietako postontzia, udaberri aldera ikastolara joan etorria txirrindaz egiteko aukera, Nafarroa Oinezeko antolaketan parte hartzea, urtean zehar ikastolako mantenuari dagokionean egiten diren auzolanak, besteak beste.

Pandemiaz geroztik, berriro ohitura zaharrak berreskuratzen gabiltza. Bereziki gure nortasunean hain esanguratsua den auzolana. Iazko ikasturtean, Iñigo Aritza Ikastolaren 50. urteurrena ospatu genuen eta auzolanari berriro gogotsu eusten lagundu zuen. Euskara eta euskal kultura ardatz zuten ekintza desberdinak gure herrietako (Ziordi, Olazti, Urdian eta Altsasu) kaleetara atera nahi genituen, izan ere, aisialdian herriak dituen beharrak asetzeko oraindik tarte asko baitago. Etxeko txikienentzat ipuin kontalariak eskaini genituen Urdiain eta Ziordin negua goxotzeko asmoz. Udaberri aldera, alde batetik, zirko tailerra izan genuen Olaztin eta hurrengo goizean, Aranzadikoen eskutik, koskobilorako mendi irteera antolatu genuen. Familiaz, aisialdiz eta euskaraz gozatzeko tarte bikainak sortu genituen.

Aurtengoan, euskararen erabilera eta zabalkuntza indartuz, ikastolako Hizkuntza Proiektua erdigunean jarri dugu eta gelaz kanpoko eremuak hizkuntzaren garapenean duen garrantzia aintzat hartuta, iada egituratuta ditugun geletako auzolanei, artezkaritzatik bideratutako herriari eskainitako beste hainbat ekintza aurrera eramateko kronograma diseinatu dugu. Izan ere, ikastola herriko eragile den heinean, herriarekin duen konpromezua era aktiboan gauzatzeko helburua baitu, hau da, euskara eta euskal kultura sustatzen duten ekintzak herriari eskaintzea.

Ohiturak berreskuratzeko eta euskal kulturari bere lekua eskain-tzeko asmoz, herriko Kukuerreka elkartearekin batera, Gau Beltza girotu genuen urriaren 31ko arratsaldean. Xanduli Manduli Kikirriki ahoan eta etxeko trapu zaharrak soinean, gurasoek kale erronda misteriotsua antolatu zuten. Bestetik, abenduko igande arratsaldeak bero-tzeko asmoz, ikastolako ikasleen pilota txapelketa antolatu zuten gurasoek, igande bakoitzeko partiduak herri batean jokatzen zirelarik.

Euskararen erabilera emozioetatik eta bizipenetatik asko edaten duela argi izanda, eta ikastolako ikasleen arteko kidetzea sustatzeko helburua izanda, urte berriarekin ikastolako buruhandien tailerra antolatu zuen artezkaritzak 3 larunbatez. Ikasleek elkarri lagunduz eta gurasoen gidaritzarekin, ikastolako 7 buruhandi osatu eta margotzeko aukera izan zuten ikasleek, goiza sormen lanari eskainiz. Komunitate bezela disfrutatzeko aukera paregabea izan zen.

Udaberri aldera ere, eguzkiaz eta haize freskoaz gozatzeko asmoz, Sakana inguruan ekintza desberdinak aurreikusiak ditu artezkaritzak, esan bezala, auzolanak beti izan duen indarrari tiraka, ikasleei, komunitateari eta herritarrei euskara eta euskal kulturaz aisialdian gozatzeko eta bizitzeko aukera eskeiniz. Ekintza horien artean, naturaz gozatzeko aukerak izango ditugu mendi irteerak eta txirrindula martxak aurreikusten baitira.

Iñigo Aritza Ikastolaren bidean, familien elkarlana eta auzolana ezinbestekoa izan da, baita etorkizuenan ere, gure esku artean dugun proiektu gozatzen eta hazten jarraitzeko. Eta orain arte bezela, gogotsu ekingo diogu etorkizunean ere.

2023-02-18T06:36:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo