Gipuzkoa

Axeri dantza urte osoan presente egongo da Andoainen eta Adunan

Ekitaldi honek 50 urte bete ditu berreskuratu zutela eta 25 urte emakumeek parte hartzen dutela
Axeri dantzako eta Udaleko ordezkariak
Axeri dantzako eta Udaleko ordezkariak / Andoaingo Axeri Dantza Elkartea

Adunan eta Andoainen axeri dantza berreskuratu zela 50 urte betetzen dira. Hori dela eta, Andoaingo Axeri Dantza Elkarteak herriko ondare kultural hau urte osoan presente egon dadin hainbat ekimen antolatu ditu, besteak beste duela mende erdi berreskuratze lan hartan aritu zirenei aitortza egiteko eta Andoainen eta Adunan soilik egiten den dantza hau balioan jartzeko xedearekin.

Gainera, beste urteurren bat ospatzen da aurten ere, parekidetasunarekin lotuta dagoena: 25 urte beteko dira Andoaingo axeri dantzan emakumeek lehen aldiz parte hartu zutela eta efemeride hau ere ospatu nahi dute.

Ekitaldiak

Ekimenak, datorren asteburuan, hilaren 15ean hasiko dira puska biltzearekin, garai bateko ohitura zaharra biziberritzeko. "Nahi duena gonbidatuta dago eguerdian Goiburuko plazan gurekin inauteriei ongi etorria ematera", adierazi zuten elkartetik asteburuan eskainitako agerraldian.

Martxoaren 8ko egitarauaren barruan mahai-inguru interesgarria izango da, emakumeek axeri dantzan izan duten parte-hartzearen inguruan solasean aritzeko.

Erakusketa

Maiatzean, 50 urte hauetako historia biltzen saiatuko dira Basteroko erakusketa aretoa "gorriz margotuz".

"Urteurrena oroituko duen irudi edo logo bat ere badugu esku artean, aspaldiko zor bat kitatzeaz gain merchandising dotorea prestatuko dugu, beraz, adi egon sare sozialei sorpresak iragarriko baititugu", aurreratu zuten.

Egun handia

Mendi erditik hona, axeri dantzaren egun handian ekainaren 24a izan ohi da eta aurten "axeri dantzan era batera edo bestera parte hartu duten eta parte hartzen duten lagunekin partekatu nahi dugu". "Beraz, dantzari, dantzari-ohi, ikusle, jarraitzaile edo axeri dantza maite duen oro animatu nahi dago egun horretan egingo dugun bazkari herrikoira", adierazi zuten.

Ikus-entzunezkoa

Urteurrena borobiltzeko, azken bizpahiru urtetan ehuntzen ari diren, ikus-entzunezko bat aurkeztuko dute. "Axeri dantzaren historia, esentzia, zein balioak bilduko dituen dokumentu grafikoa izango da merezi duelako hain maitea dugun axerien dantza honek", azaldu zuten.

Sorpresa gehiago ere egongo direla esan zuten eta ekitaldi guzti hauek antolatzeko Andoaingo Udalaren laguntza eskertu zuten.

Historia

Dantzan.eus webgunean jasotzen denez, "Axzri-dantza 1974. urtean berreskuratu zuen Andoaingo Lizar Makil dantza taldeak, Adunako bi gizoni esker (Altzarteko David Zabala eta Serorategiko Faustino Sorondo), garai batean beraiek nola dantzatzen zuten oroitzen baitziren". Behin berreskuratuta, 1974. urtean dantzatu zuten lehen aldiz, Adunan, Lizar Makil dantza taldekoek. Hurrengo urtean, 1975. urtean, Andoainen atera zuten axeri dantza.

Hasiera batean gizonezkoek bakarrik dantzatzen zuten, baina 2000. urtean hasi ziren emakumeak ere parte hartzen.

2025-02-11T11:27:18+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo