Polideportivo

Axier Arteagari agurra egingo diote larunbatean

Profesional mailako azken partida jokatuko du pilotariak Lasarte-Oriako pilotalekuan Arangurenekin batera Artola-Aretxabaletaren aurka
Axier Arteaga, Txus Alonso eta Agustín Valdivia ondoan dituela. | ARGAZKIA: N.G.

Axier Arteagak bere herrian bertan utziko dio profesional izateari larunbat honetan. Lasarte-Oriako Michelin pilotalekuan jokatuko den partidan izango da, 20:00etan hasita, Arangurenekin bikotea osatuz eta Artola-Aretxabaletaren aurka. Aurretik, Arteaga II.ak beste partida bat jokatuko du gaur Altsasun, Eskirozekin batera, Bakaikoa-Larunberen aurka.

Lasarte-Oriako udaletxean eskainitako bere agurreko partidaren aurkezpenean, Agustin Valdivia alkatea eta Txus Alonso Kirol zinegotzia ondoan izan zituen 26 urteko pilotari lasartearrak.

Profesionaletan debuta 2016an egin zuen Tolosako Beotibar pilotalekuan; zazpi urte hauetan 300 partida inguru jokatu ditu Arteaga II.ak, eta larunbateko partida iristeko gogotsu agertu zen: “Egun polita izango da, gogorra, baina baita polita ere niretzat. Eta bizitza guztirako gogoan geratuko zait”, esan zuen.

Aurrelariak eskerrak eman zizkien bere udalerriari eta zaleei urte luze hauetan jasotako babesagatik, eta batez ere, erretiroa hartzekoa zela zabaldutakoan azken asteetan jasotako eskerronagatik. Bereziki eskertu nahi izan zien Udalari eta Baikori, azken partida Lasarte-Orian jokatzeko egindako ahalegina, senideak eta lagunak ondoan izateko aukera izanik.

Valdiviak eta Alonsok onena opa zioten bere bizimodu berrian, eta agur borobila osatzeko, azken partida horretan pilotariari babesa ematera animatu zituzten herritarrak. “Axier Arteaga pilotaren erreferente da gure herrian, eta halaxe izaten jarraituko du. Eredugarria”, adierazi zuen Alonsok.

Sarrerak 10 euroan erosi ahal izango dira partida hasi baino ordubete lehenago Michelin Kirol Guneko leihatilan, baita www.entradasfronton.com webgunean ere.

15/09/2022