Gipuzkoa

Azaroan Hernanikomik azoka antolatuko da lehenengo aldiz

Udazken eta neguko kultur ekintza batzuetan Milagrosa kapera erabiliko da areto moduan
Rakel Gonzalez, Koro Etxeberria eta Nagore Irastortza. | ARGAZKIA: N.G.

Hernaniko Udalak joan den astean udazkeneko eta neguko kultur egitarauak aurkeztu zituen, bi berrikuntza nagusirekin: Hernanikomik komiki azokaren lehen edizioa eta Milagrosa espazioaren berreskurapena kultur ekitaldiak bertan burutzeko.

Hernanikomik azokaren lehen edizioari dagokionez, udal liburutegiak antolatu du eta azaroaren 18an eta 19an ospatuko da. Honi esker, herriko eta inguruko ilustratzaileak eta komikigileen lanak ikusteko parada izango da Hernanin: Axpi, Adur Larrea, Unai Iturriaga, Alex Sanvicente, Harkaitz Cano, Joseba Larratxe, Asisko Urmeneta, Eider Eibar, Ainhoa eta Susana Martin, besteak beste. Azokaren barruan, gainera, Black is Beltza II. Ainhoa filmaren emanaldiaz eta Su Ta Garren aurkezpen musikatuaz gozatzeko aukera izango du publikoak.

“Udako beroaldiak atzean utzita, eta udazkenean bete-betean murgildu garela, areto barrura sartzeko garaia iritsi da. Nagiak ateratzeko zer hobe herrian eskaintzen den kultur agendaz gozatzea baino. Hemendik eta urtea amaitu bitartean musika, literatura, antzerkia eta dantzaz gozatzeko aukera paregabea izango dugu, eta herritik irten gabe”, aipatu zuten egitarauaren aurkezpenean. Izan ere, bertan jasotzen diren ekitaldiak gustu eta publiko mota guztiak asetzeko modukoak direla baieztatu zuten.

Musikan ere eskaintza ezin hobea dakar kultur egitarauak. Jon Maia Soriaren Kantu bat gara, Deñe eta Mikel Morenoren emanaldia eta Izaroren Limones de Oro lanaren aurkezpen kontzertuak dira abendura bitarteko proposamenak.

Horretaz gain, literatur solasaldiak; ipuin kontaketak; antzerkiak, haurrentzat bost ikuskizun programatu dira; bi dantza emanaldi eta Nahastekak atalaren barruan bi lan ikusi ahalko dira: Popatik Banden Maitatzeari eta Andoni Mutiloaren Sex Sua. Azkeneko bi hauek Milagrosa kaperan burutuko dira, kultur egitarauarentzat beste areto bat bereganatuz.

Zinemaren atalean, euskal zinearen ekoizpenaren aldeko apustua izango da nagusi. Donostiako zine jaialdian estreinatu den Bi arnas filma, Black is Beltza II: Ainhoa eta Kepa Junkeraren Berpiztu. Renacer proiektatuko dira.

Sarrerak eta gonbidapenak eskuratzeko modua, ohi bezala, aurrez aurre Biteri kultur etxean eta kultura.hernani.eus webgunean dira. Ordainketak txartelaren bidez bakarrik onartuko dira.

Biterin lanak

Hernaniko Udaletik jakinarazi dutenez, Biteri kultur etxean laster hasiko diren obren ondorioz, datozen hilabeteetan erakusketak ezingo dira egin. l

12/10/2022