Navarra

Azienda ardatz

Ez dut uste ostalaritzako inor kexatuko denik abenduak eta urte berriaren hasierak ekarritako pagotxaz, jende emaria etengabea eta alimalekoa izan baita azken lau aste honetan era guztietako taberna eta jatetxeetan. Jendeketa gaitza, konparaziora, bertso finalaren bezperako larunbatean, baina are handiagoa hurrengo ortzegunean, 22an, euskal jai delakoaren baina erdal jai erran beharko litzaiokeen ospakizunean, hots, irakaskuntzak oporrak hartu zituen egunean, betiere enpresa-otordu ugariak baino ugariagoak atzendu gabe. Alde Zaharreko zenbait ostatuk uztailaren 6an adina irabazi zuten, eta bestazale gehiago ibili zen urte zahar gauean berean baino. Biharamuneko goiznabar epelkarak ederki salatu zuen gaupasaren eta basaren munta, gautxori pasatuen eta basatuen manerekin batera. Zenbait karrika, izan ere, eguerdi berandura arte ez ziren bere onera etorri, zaborreria izugarriak itorik, pizurrinak kirasturik. Galdetu Santana plazako bizilagunei zer moduz gau hura, bai eta bertze batzuk ere. Izan ere, etxartea gauez ixteko ateetako bat hautsia dago aspaldixkoan, eta Udalak ez du konpondu, edo ez du konpondu nahi; izorrai! Azken buruan horko jendea ez baita oso Maya zalea. Gainerakoan, Eguberriak joan diren honetan, Euskal Herriko hiri Olentzerorik zaharrenak erdietsitakoa da nabarmentzekoa, baliabide hain gutxirekin hain segizio erakargarria egitea, punpeziatik eta arrandiatik ihesi, kabalgatarekin lehia antzuan hasi gabe, txikitik eraginez, eta azienda ardatz harturik, baserri giroko abereak Bigarren Zabalguneraino eta Alde Zaharreraino ekarririk, haur eta helduen gozamenerako: zamariak, behorrak, pottokak, astoak, antzarak, ardiak, ahuntzak, oiloak, oilarrak, idi izugarriak eta bertze. Bete-betean asmatu dute. Hori bai, larri ibili ez ote zaizkion kontra hasiko PETAkoak eta enparauak.

08/01/2023