Cultura

Azken bidaia

'Agur artzai' lana aurkeztuko du Julen Zubiete gidoilari eta zuzendariak aurtengo Mendi Film festibalean. Jose Ereño Gorbeiako artzainarekin grabatu du dokumentala orozkoarrak eta, abenduaren 9tik 18ra bitartean proiektatuko dute
Jose Ereño, Gorbeian artzain lanetan aritutako azken gizonetakoa da dokumentalaren protagonista.

Mendi Film jaialdiko XV. edizioko sail ofizialetan lehiatuko du Julen Zubieteren 'Agur artzai' dokumentalak, hainbat herrialdeetako zuzendari eta gidoilariek osatutako beste 58 filmerekin batera. Orozkoarrak urte askoz Gorbeiako artzain izandako Jose Ereñoren istorioa kontatu du bere lanean. Abenduaren 9tik 18ra bitartean aurkeztuko du ikus-entzunezkoa, mendiarekin lotura duten film eta hitzaldien festibalean.

Ikus-entzuneko komunikazioan lizentziatu ondoren, Nazioarteko Argazkilaritza eta Zinema Zentroan (Madril) ikasi zuen Zubietek, baita zinema-zuzendaritza eta produkzioaren gaineko masterra Kataluniako Ikus-entzun eta Zinema Eskola Nagusian ere.

Abenduan estreinatzera doan 'Agur artzai' ez da osatzen duen lehenengo lana, baina bada modu profesionalean aurkeztuko duen aurrenekoa. Jose Ereño du filmak protagonista, Gorbeian artzain lanetan aritutako azkenengo gizonetako bat.

SORTZE-PROZESUA

2020ko irailean ekin zion Zubietek dokumental honen grabazio-lanari. Azaldu duenez, gazte-gaztetik ezagutzen du Ereño, bere familiaren etxola artzainarenaren ondoan kokatuta baitago. Protagonista grabatzeko asmoz igo zen gidoilari eta zuzendari orozkoarra egun hartan Gorbeiara, jakin barik, ordea, irudi horiekin 27 minutuko dokumentala osatuko zuela: "Ez nuen bestelako intentziorik buruan, bera grabatzea besterik ez. Baina, gerora, irudi horiek dokumental itxura hartu dute apurka-apurka".

Ordu erdi horretan zehar artzain batek bere baserrian egiten duen bizitza ezagutuko du ikusleak. Izan ere, dokumental gehiena Orozko herriko Sendegi auzoan grabatuta dago, Ereño ez baita Gorbeiara igotzen dagoeneko: "Bertara altxatu zen azkenengo aldia 2020ko irailean izan zen, nik grabatu nuenean, eta horrek irudiei berebiziko indarra eman zien".

86 urte ditu artzainak. Bere bizimoduak eta Zubiete zinemagile gaztearenak ez du zerikusirik, auzo berekoak diren arren. Bien arteko harremana ere islatu egiten du filmak. Horretarako, baserrian, kortan eta auzoan grabatutako irudiak dira nagusi, baina Gorbeian hartutakoak ere nahastu ditu gazteak, azken batean, hori da artzaina eta zinemagile gaztea batu dituen lekua.

Horrez gain, gidoilari eta zuzendariaren hainbat kontu pertsonal ere azaltzen dira dokumentalean zehar: "Zenbait kasutan, nahiz eta irudi gehienetan Ereño agertzen den, nire off ahotsa nire bizitzan gertatutakoez ari da".

Gorbeian zuen etxola Jose Ereño artzainak. Julen Zubiete

BALIABIDE ZINEMATOGRAFIKOAK

Aipatu bezala, Zubieteren off ahotsa entzun daiteke hainbat pasartetan. Esan duenez, baliabide hori erabili du bere esperientzia pertsonalak dokumentalean txertatzeko. Horrez gain, hainbat olerki ere azaltzen dira film honetan zehar. Baina bereziki, dokumentalean protagonista eta zinemagilearen arteko elkarrizketak nabarmentzen direla aipatu du azken honek.

AGURRA ETA DOLUA

Azaldutakoaren arabera, Zubietek denbora asko eman du artzaina behatzen: bere bizimodua, egunerokoa, ohiturak, ofizioa eta lanbidea filmatzen, eta hori oso agerikoa da bere lanean. Hala ere, dena ez da behaketa. Izan ere, filmean baliabide poetiko ugari erabili dituela kontatu du.

Sortzaileak dioenez, dokumental honek balio kultural eta etnografiko handia du, eta jendartearentzat oso interesgarria izan daiteke. Dena den, helburu edo asmo zehatzik gabe sortu zuela aitortu du: "Argi nuen egin nahi eta behar nuela baina, egia esan, ez dut helburu zehatz batekin egin".

Horrez gain, lan hau doluarekin erlazionatutako zauriak tratatzeko modu bat dela ere aipatu du Zubietek: "Ez dakit publikoak hori sentituko duen, baina ni gizon honengana hurbildu nintzen desagertzear dagoen bizimodu eta ofizio baten lekuko zuzena delako, eta horretara hurbiltzeko modu bat izan da niretzat". Despedidaren inguruko lan bat ere bada, beraz, aurtengo Mendi film festibalean aurkeztuko duena.

Datozen hilabeteetan, banatzaile batekin hitz egiteko asmoa du Zubietek, dokumentala haren esku utzi eta beste hainbat jaialditara bidali dezan. Momentuz, abenduaren 9tik 18ra bitartean ospatuko den Mendi film jaialdian aurkeztuko du, sail ofizialean lehiatzeko aukeratu baitute.

Hamabosgarren edizioa du Abentura Zinemaren Nazioarteko festibalak. Mendi, muturreko kirol, abentura eta naturari buruzko zinemaren erakusleiho da jaialdia, eta dagoeneko munduan erreferente bat da. Horrez gain, argazki eta arte erakusketa ugari antolatzen dituzte ere: hitzaldiak eta mahai-inguruak, kontzertuak eta omenaldiak… betiere, mendiko kultura ardatz hartuta.

Aurtengo edizioan, munduko hainbat herrialdetako zinemagilek sortutako beste hainbat lan hautatu eta proiektatuko dituzte guztira, horien artean, Zubieteren 'Agur artzai', noski.

18/11/2022