Cultura

Azken oholtzara iristeko prest

Igande honetan jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala Iruñeko Nafarroa Arenan, eta zortzi finalistak prest daude gogoangarria izateko osagai guztiak dituen saioan euren onena erakusteko
Amets Arzallus, Alaia Martin, Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio, Joanes Illarregi, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi eta Nerea Ibarzabal, atzo, Nafarroa Arenan.

Iristear da unea. Irailaren 24ean abiatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiak bere azken agertokia izango du Iruñeko Nafarroa Arena igande honetan, artean Euskal Herriko herri eta hiri desberdinetan kokatu diren beste 14 oholtzatik igarota. 11:00etan hasiko da lehia, eta arratsaldeko azken orduan jakingo da nor den txapelduna. Lanerako prest daude antolatzaileak, gozatzeko prest sarrera eskuratu duten 13.000 zaleak, euren onena emateko gogoz txapelketako edizio honetako zortzi finalistak: Aitor Mendiluze Gonzalez, Alaia Martin Etxebeste, Amets Arzallus Antia, Beñat Gaztelumendi Arandia, Joanes Illarregi Marzol, Maialen Lujanbio Zugasti, Nerea Ibarzabal Salegi eta Sustrai Colina Acordarrementeria.

Bakoitzak bere bidea egin du helmugara iristeko, gazitik zein gozotik dastatuz, norberak bere moduan eta norbere abiapuntutik. Izan ere, batzuei urrun gelditu zaie txapelketa den lasterketa luzearen hasiera: Martinek, Illarregik eta Ibarzabalek lehenengo fasetik ekin zioten bertso-lehiari, eta hiru saio josi ondoren iritsi dira azken oholtzara. Aurreko edizioan finalista izandako Mendiluzek, Arzallusek, Gaztelumendik eta Colinak erdibidean heldu zioten leihari, finalaurrekoen fasean; eta bakar batek, egungo txapeldun Maialen Lujanbiok, azken saioa izango du lehena. Nafarroa Arenan egindako agerpenean nabarmendu bezala, aldiz, finalari dagokionez daukaten sentipena komuna da: ilusioa.

Dudarik gabe, zaleekin konpartitzen duten ilusio bera. Izan ere, Gontzal Agote Bertsozale Elkarteko ordezkariak aditzera eman bezala, azpimarragarria izan da publikoaren jarraipena Bertsolari Txapelketa Nagusian zehar, saio guztietako aretoak betetzeraino: “Ekainean txapelketa aurkeztu genuenean intuizio bat partekatu genuen: bertsozaleengan gogo berezia zela txapelketarako, plazak berriro hartzeko, esperientziak berriro partekatzeko; eta zorionez, hala izan da”. Finalerako sarrerak, elkarteko ordezkari Oier Iurramendik adierazi bezala, irailean agortu ziren, gogo bizi horren erakusgarri.

“Bertso plazarekin ere kezka genuen”, erran zuen Agotek, “baina horrek ere onerako bidea egin du”. Alde horretatik, Txapelketa bertso plazan dagoen errealitatearen isla izan dela azpimarratu zuen, “bai bertsokeran, baita gaien heldulekuetan, ertzak bilatzeko moduetan, bide berriak urratzean, ekarpenak egiteko ahaleginean, gaitegian eta begiradan”.

Final esanguratsua, arrazoi askorengatik

Igandeko finala plazetan eta, orokorrean, bertsogintzan azken urteotan jorratutako bidearen isla ere izango da. Lujanbiok zein Colinak prentsaurrean egindako agerpenean adierazi moduan, aurtengo finalak “esanahi politiko handia” izango du, kontutan hartuta lehen aldia izango dela oholtzan hiru emakume arituko direla, belaunaldi artekotasuna bermatuta dagoela eta lehenengoz nafar hiriburua izanen dela txapelketako finalaren agertokia. “Bere esangura guzti horiekin, saiatuko gara testuinguru horretan era egokiz, balio artistikoz eta bertsoz janzten igandeko besta”, azpimarratu zuen egungo txapeldunak. “Argazki hau ez da orain dela bost urtekoa”, gehitu zuen Colinak, “uste dut esanahi politiko eta emozional asko islatzen direla argazki honetan. Igandekoari begira, ez daukat dudarik eztanda emozional bat izango dela”.

Halaber, lehen aldia izango da finalisten artean nafar bat arituko dela. Illarregirentzat, Nafarroan jorratutako bidearen emaitza da hau: “Niretzat poz eta ohore bat da Nafarroan ospatuko den lehendabiziko final honetan kantatzea. Ni izan naiz kasu honetan, baina ez nintzen hor zegoen bakarra. Nafarroan azken urteotan eman diren aldaketen erakusgarri dela uste dut”.

AITOR MENDILUZE

Aitor Mendiluze

Andoain, 1975. 1995ean eta 2007an Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen. Zazpigarren Txapelketa Nagusia du hau, seitan iritsi da finalera. 2017ko txapeldunorde izan zen.

Txapelketan. Durangoko finalaurrekoan nagusitu zen eta Bilbokoan bigarren egin zuen. Sailkapen nagusian, bigarren puntuazio altuenarekin sailkatu da finalera.

Gogoeta: “Arduraz eta erosotasunez aritu naiz, bertsotan ez nahi nukeen bezain ondo batzutan, baina sentsazio onarekin”.

ALAIA MARTIN

Alaia Martin

Oiartzun, 1987. 2011n eta 2019an Gipuzkoako Txapelketako hirugarren postua lortu zuen, eta txapeldunorde izan zen 2015ean. Hirugarrenez ari da BTN-n eta hau izango du lehenengo finala.

Txapelketan. Hiru saio egin eta hiruetan nagusitu da. Sailkapen nagusian puntu gehien bildu dituen bertsolaria izan da.

Gogoeta: “Finalera begira, ilusioa, esker ona eta esateko gogoa geratzen zaizkit. Esateko gogo horren bidean, gozatzeko asmoa eta borondatea daukat.

AMETS ARZALLUS

Amets Arzallus

Hendaia, 1983. 2013ko Txapelketa Nagusia irabazi zuen eta txapeldunorde izan zen 2009an. Seigarren Txapelketa eta bosgarren finala izango da hau beretzat.

Txapelketan. Donibane Garaziko finalaurrekoan epel ibili bazen ere, Bilbon gora egitea lortu zuen. Puntuazioz, bosgarren sailkatu da finalera.

Gogoeta: “Finalerdiak mendikatea dira niretzat. Behin mendi horiek gurutzatuta, ilusioz, indarrean eta umore onean nator finalera”.

BEÑAT GAZTELUMENDI

Beñat Gaztelumendi

Añorga, 1987. 2015 eta 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak irabazi zituen. Egungo txapelduna da. Laugarren Txapelketa Nagusia du hau, eta hirugarren finala.

Txapelketan. Durangoko eta Baionako finalaurrekoetan aritu ondoren, puntuazioz laugarren postuan sailkatu da finalera.

Gogoeta: “Finalaurrekoetan, egin nahi nuen horretara hurbildu naizela esango nuke. Orain dela bost urtekoarekin alderatuta, beste gorputzaldi batekin nator finalera, oso gogotsu”.

JOANES ILLARREGI

Joanes Illarregi

Leitza, 1999. Hirutan aritu da Nafarroako Bertsolari Txapelketan eta bitan iritsi da finalera. Bere lehenengo Txapelketa Nagusia da hau.

Txapelketan. Lehenengo fasetik abiatu eta Elizondoko saioak ireki zizkion finalerako ateak.

Gogoeta: “Denetatik izan dut txapelketan, gazitik eta gozotik. Egindako guztiarekin, aurrera. Finalari begira ilusioz noa, zazpi bertsolari hauekin kantatzeko gogotsu. Talde bezala, etorriko den jendetzari eskatzen digun hori eman nahiko nioke”.

MAIALEN LUJANBIO

Maialen Lujanbio

Hernani, 1976. 2003an Gipuzkoako Txapelketa eta 2009an eta 2017an Txapelketa Nagusia irabazi zituen. 2001eko eta 2013ko txapeldunordea eta egungo txapelduna da. Zazpigarren aldiz hartuko du parte txapelketan eta zazpietan izango da finalean.

Gogoeta: “Finalean lehenengo aldiz hiru emakume aritzeak esangura politiko handia dauka, ez emakumeontzat bakarrik, hemen gauden zortzirentzat eta, orokorrean, kulturgintzarentzat eta bertsogintzarentzat baizik”.

NEREA IBARZABAL

Nerea Ibarzabal

Markina-Xemein, 1994. 2016an eta 2018an Bizkaiko Txapelketako finalera sailkatu zen. Egungo Bizkaiko txapelduna da. Bigarren aldia du BTN-n, eta lehen finala.

Txapelketan. Lehenengo fasetik abiatu zen. Irunen estropozu egin bazuen ere, Baionako saioan lortu zuen finalerako beharrezkoa zuen puntuazioa.

Gogoeta: “Txapelketako ibilbidea luzea, ederra eta intentsoa izan da niretzat. Finalerako, edertasun horri lekua egin nahiko nioke, arduratik eta kontzentraziotik”.

SUSTRAI COLINA

Sustrai Colina

Urruña, 1982. Bi aldiz irabazi du Xilaba Txapelketa. Seigarren parte-hartzea du BTN-n, eta seietan iritsi da finalera.

Txapelketan. Irungo eta Baionako finalaurrekoetan aritu ondoren, sailkapen nagusian hirugarren puntuazio hoberena eskuratuta iritsi da finalera .

Gogoeta: “Ez daukat dudarik igandean nire kideek eztanda artistiko batera eramango dutela plaza, eta nahiko nuke nik ere eztanda horren parte izan eta neurea jarri”.

Saioaren xehetasunak

Ordutegia. 9:00etan irekiko dira Nafarroa Arenako ateak. 11:00etan hasiko da goizeko saioa. 16:00etan irekiko dira ateak berriro, 17:00etan abiatuko den arratsaldeko saiorako.

Bertsolariek egin beharreko lanak. Goizeko saioan: zortziko handian, binaka; zortziko txikian, binaka; lehen puntua emanda, banaka; sei puntuko motzean, binaka; eta ganbarako lana. Arratsaldeko saioa: hamarreko txikian, binaka; zortziko txikian, binaka; banakako lana. Buruz burukoa: biak, ‘Iparragirre abila dela’ doinuan; biak, zortziko txikian; eta ganbarako lana, bederatziko txikian hitza emanda, eta hiru bertso nahi den doinu eta neurrian, gaia emanda.

Aurkezleak eta gai-emaileak. Alaitz Rekondo Ferrero, Aritz Bidegain Aire, Idoia Anzorandia Kareaga eta Ion Zaldua Brit.

Epaimahaia eta sariak

Iñaki Murua, txapel-emaile. Bertsolaria ez ezik, bertsolaritza mugimenduko eragile handia izan da. 2005etik 2018ra Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria izan zen. Muruarekin batera, sari emaile gehiago ere izango dira finalean bertsolaritza, kulturgintza, euskalgintza eta nazioarteko sarea ordezkatuz. Bakoitzak euskal artista banaren artelanak banatuko dizkie finalistei.

Epaileak. Ainhoa Sarasua, Aitor Jimenez, Amaia Otxotorena, Eneko Bidegain, Eneritz Azkue, Joseba Beltza, Joseba Santxo, Miriam Juaristi eta Nerea Bruño.

Bestelako oharrak

Nafarroa Arenara iristeko garrioak. Jende pilaketak ekiditeko, antolakuntzak jarritako autobusak edo garraio publikoa erabiltzea eskatu du Bertsozale Elkarteak. Iruñeko autobus zerbitzu pubikoko 1, 6, 9, 11 eta 16 lineek konektatzen dute Nafarroa Arena hiriko erdigunearekin zein beste auzoekin.

Bazkaria. Aldamenean dagoen Nafarroako Unibertsitate Publikoko kirol instalazioetan menua eskainiko da. Aukera hau baliatu nahi izanez gero txartela eskuratu beharko da aldez aurretik, www.bertsosarrerak.eus atarian. Sadar estadioan, etxetik eramandakoak estalpean jan ahal izateko aukera izango da.

Etiquetas
15/12/2022