Gipuzkoa

Azkoitia | Hitanoa biziberritzeko apustua

Azkoitian hitanoa berreskuratzeko proiektua aurkezteko ostiralean egin zen agerraldia. Argazkia: N.G.

Azkoitiko Udalak hitanoa, eta bereziki 'noka', ez galtzeko proiektua; eta hori irudikatzeko logo lehiaketa abiatu ditu

Hitanoa, eta bereziki, noka, galtzeko bidean ikusteak kezka sortu du Azkoitian eta horri erantzun nahian "hitanoa sustatzea" helburu duen egitasmoa abiatu berri du herriko Udalak, hainbat bidelagunekin lankidetzan.

Marijose Arregi, Udaleko Euskara zinegotziak, Xabier Eizagirre hitanoaren erabileran adituak eta Aintzane Agirrebeña, Ahotsak proiektuko arduradunak, ostiralean aurkeztu zuten martxan jarritako ekimena; proiektura batu diren gazteak ordezkatu zituzten Irati Lizarralde eta Naia Arrizabalagarekin batera.

Euskara zinegotziak azaldu zuenez, "iaz Euskara Mahaian aurkeztu zen proiektua martxan jartzeko asmoa eta bertan parte hartzen duten ikastetxeetako ordezkariak tarteko, gazte talde batek proiektua sustatzeko konpromisoa hartu du, bereziki, sare sozialetan".

2018ko kale neurketaren arabera, gazteen %84,7k erabiltzen du euskara Azkoitian eta %85,7k ezagutzen du. Hala ere, "mutilek badute hika egiteko joera baina nesken artean, berriz, galtzen ari da".

Gauzak horrela, "hitanoa berreskuratzea" du helburu egitasmoak.

Marijose Arregiren hitzetan, "ez da hasi eta bukatuko den kanpaina bat. Gure nahia da jarduera ezberdinen bidez egitasmoari jarraipena ematea, egonkortzea, eta bizirik eustea, poliki poliki hitanoaren erabilera indartzen joateko".

Bestalde, Xabier Eizagirrek hurbiletik jarraitu du azken urteetan hitanoak herrian izan duen bilakaera eta bere ikuspegia ez da baikorra: "Nekez entzuten da toka eta nokaren erabilera egokia", dio. Eizagirreren esanetan, "erdika bilatzen gara. Murriztu eta trakestu egin da hitanoa... eta gainera, mutilek sarritan toka egiten diete neskei". Bere ustetan transmisioak huts egin du: "Hika Azkoitian arnasgunean zebilen eta orain, arnasestuka dabil".

Edonola ere, proiektuarekin bat egin dutenek "hitanoaren inguruko ikastaroak eta mahainguruak antolatzea, gida bat osatzea edota noka erabiliz bertso saioa egitea" aurreikusten dute.

Halaber, euskal herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzea xede duen Ahotsak proiektuaren baitan, Aintzane Agirrebeñak hainbat eta hainbat elkarrizketa egin ditu Azkoitian. Orain arte, elkarrizketaturiko gehienak adin nagusikoak ziren eta helburua herriko hizkera jasotzea zen. Orain, beste elkarrizketa batzuk egiten ari da hitanoari buruz.

Aintzanek berak esandakoari eutsiz, "hitanoaren egoeraren argazkia egiten saiatuko gara, kasu ezberdinak jasotzen. Emakume batzuk ez dute erabiltzen zeren garai batean baserritarrena zela, itsusia, gizonezkoena... horrelakoak ere esaten ziren". Agirrebeñaren ustez, "etena oraintxe ari da gertatzen baina arrazoiak lehenagokoak dira".

Edonola ere, Azkoitian hitanoa berreskuratzeko proiektuaren inguruko lehen urratsak iaz eman ziren baina covid-19ak lantaldearen egitekoa etenarazi zuen. "Orain berriro heldu diogu eta aurrera egingo dugu", azaldu dute ekimenarekin bat egin duten eragileetako ordezkariek eta norbanakoek.

logotipo lehiaketa Egitasmoari irudia jartzeko, logotipo lehiaketa antolatu dute Azkoitian.

Irati Lizarralde gazteak jakinarazi zuenez "herrian erroldatutako 16 urtetik gorako guztiek har dezakete parte eta irabazleak 600 euroko dirusaria eskuratuko du". Lanak bihartik ekainaren 22ra bitartean aurkeztu ahalko dira eta irabazlea ekainaren 30ean jakinarazio da.

Besteak beste, epaimahaiak noka jasotzea, originaltasuna, sormena edota formatu ezberdinetan erabiltzeko egokitasuna baloratuko ditu.

Lehiaketaren oinarriak azkoitia.eus atarian kontsulta daitezke.

01/06/2021