Azpeitia – Ekindar azpeitiarren energia kooperatibaren sustatzaileek otsailean aurkeztu zuten egitasmoa herrian. Ordutik, ekimen berritzaile honetan inplikatuta dauden eragileak (Udala, Energiaren Euskal Erakundea, Mondragon taldeko Krean kooperatiba, Bertan merkatari elkartea, Artxara kooperatiba, Kulturaz kooperatiba, Urola BHI Ikastola, Karmelo Etxegarai Ikastola, Ikasberri Ikastola, Iraurgi ikastetxea eta Usurbilgo Lanbide Eskola) proiektua garatu, kooperatiba sortu eta tramite administratiboak aurrera egiteko lanean aritu dira.
Lanak aurreratuta, herritarren parte-hartze aktiboa sustatu eta energiaren gaia landuko duen azpeitiarren kooperatiba osatzeko prozesuari heltzeko unea heldu da.
Hori dela eta, proiektuan interesa duten herritar guztien partaidetzari irekita egongo den aurreneko batzarra egingo da abenduaren 15ean (19.00etan) Sanagustinen. Bertan, Ekindar azpeitiarren energia kooperatibaren aurkezpena egingo dute eta bilera amaitzerakoan bazkidetza kanpaina jarriko dute abian, beti ere, "%100 herritarrena izango den energia kontsumo kooperatiba osatzeko".
Udaletik jakinarazi dutenez, "energia sorkuntzarako aukera berritzaileak aztertu eta garatzeko bitartekoa" izan nahi du Ekindar energia kooperatibak. Horretarako "proiektu erreal bat gauzatuko da". Izan ere, "epe motzean, Azpeitiko lur-sail batean eguzki-panelen instalazkuntza bat eraiki eta martxan jarriko da, herriko familia edota merkatari txikien elektrizitate beharrei erantzuna emateko".
Ekindar "%100ean azpeitiarrena eta irabazi asmorik gabeko kooperatiba izango da". Bazkide egiten direnek 25 urterako argindarra sortzeko besteko instalazio bateko kooperatibista izango dira: "Bazkideek, inbertsio baten truke, ohikoa baino prezio merkeagoan lortuko dute argindarra eta urte gutxiren buruan amortizatu ahalko dute egindako diru ekarpena".