Gipuzkoa

Azpeitia: Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak egoitza ireki du

Udaleko eta Trikitixa Elkarteko ordezkariak egoitza berrian. Argazkia: N.G.

Azpeitia – Azpeitiko Udalaren eta Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen urte luzeetako elkarlan onak emaitza ugari eman ditu. Ikusgarriena urtero Azpeitian antolatzen den San Josetako Trikiti Jaialdia da baina, ekitaldi horretatik haratago, proiektu ugari ari dira ontzen bi erakundeen artean.

Elkarlan horren bueltan, Trikitixa Elkartearen egoitza nagusia Azpeitira etortzeko aukera sortu zen, eta duela zenbait astetatik Basazabal jauregiaren solairu tartean dago.

Udalarentzat Trikitixa Elkartea herrian izatea "pozgarria" dela azaldu du Eneritz Albizu Kultura Batzordeburuak: "Azpeitian kultur mugimendu bizi eta aberatsa izateko lanean daramagu azken hamarkada luzea. Trikiti Elkartea mugimendu hori aberastera dator", gaineratu du.

Agurtzane Elustondo, Trikitixa Elkarteko Lehendakariak, bere aldetik, Trikitixa Elkartearen egoitza Azpeitian kokatzearen "garrantzia" azpimarratu du: "Azpeitiko kultur mugimendua erreferente bihurtzen ari da Euskal Herrian" eta testuinguru horretan parte hartzea "aukera ezin hobea" dela azaldu du. Elustondok "estrategikotzat" jo ditu Kulturaz Kooperatibarekin eta Udalarekin elkarlanak, "Trikitixa Elkarteak datozen urteetan dituen asmoak aurrera eramateko".

15/04/2022