Gipuzkoa

Azpeitia: Euskara eta aniztasuna lantzeko programa abiatuko da

Hainbat herritar Azpeitiko taberna baten terrazan solasean.

Azpeitia – Munduko txoko ezberdinetatik etorritako zein Azpeitian jaiotako herritarrak elkar ezagutu eta elkarrekin harremanak sortzeko proiektua jarriko du martxan Azpeitiko Udalak. Zubi lanak, hizkuntzak egingo ditu: euskarak. Hala, "euskaraz hitz egiteko bikote linguistikoak sortzea eta elkarrekin euskaraz hitz egiteko gelditzea" da helburua; euskara bizikidetza eta elkar ezagutzarako tresna bihurtuz.

Udaletik azaldu dutenez, Mintza-bikote deituriko programa berri honetan 18 urtetik gora dituzten herritar guztiek har dezakete parte. Alde batetik, euskaraz hitz egiten ikasi edo hobetu nahi dutenak egongo dira; horretarako ezinbestekoa izango da oinarri-oinarrizko euskararen ezagutza izatea, eta euskalduntze-prozesuan egotea hobetsiko da. Bestetik, euskaraz dakiten herritarrak egongo dira; horiek bideratuko dituzte elkarrizketak, hasieran behintzat.

Leire Goenaga, Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuaren hitzetan, "herritarren arteko elkar ezagutza sustatu nahi dugu ekimen honen bidez. Elkar ezagutzen bidez integrazioa bultzatu nahi dugu, zubiak eraiki eta horretarako euskarak gure herrian aukera paregabea eskaintzen digu". Goenagak euskaraz dakitenak zein ikasten ari direnak, Azpeitian jaiotakoak zein munduko hainbat txokotatik etorritakoak proiektuan parte hartzera ere animatu ditu: "Elkarrekin egoteko, elkar entzuteko eta elkar ezagutzeko aukera elkarri eskaintzea. Horixe da helburua", gaineratu du.

Egitekoa Mintza-bikote egitasmoan parte hartzeko interesa duten pertsonek, bai euskara hobetu zein euskara hobetzen lagundu nahi dutenek, Udaleko Gizarte Zerbitzuetan izena eman beharko dute.

Izena ematen duten pertsonekin bikoteak osatuko dira eta gutxienez, ordubeteko hamar topaketa egiteko konpromisoa hartuko dute parte hartzaileek. Lekua eta ordua bikote bakoitzak zehaztuko du.

Izena eman edo informazio gehiago nahi duenak Udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo, 943 544 184 telefonora dei egin edo narroita@azpeitia.eus helbidera idatz dezake, astelehenetik ostiralera eta 9.00etatik 14.00etara bitartean. Izena ematen dutenei elkarrizketa txiki bat egingo zaie, "bikoteak osatzerakoan gustu, ordutegi eta bestelakoak kontuan izateko".

09/11/2021