Buscar
Gipuzkoa

Euskal antzerkigintzaren erakusleiho bilakatuko da Azpeitia

Udaleko, Kulturaz Kooperatibako eta antzerki taldeetako ordezkariak Topaketen aurkezpenean. Argazkia: N.G.
Udaleko, Kulturaz Kooperatibako eta antzerki taldeetako ordezkariak Topaketen aurkezpenean. Argazkia: N.G.

Azpeitia – Euskal Antzerki Topaketaren 39. edizioa ospatuko da aurten Azpeitian eta ohitura denez, euskaraz ekoiztutako antzezlanekin disfrutatzen duten guztiek ezinbesteko hitzordua izango dute Urola Erdiko herrian.

2021eko Euskal Antzerki Topaketen egitaraua Atx Teatroa konpainiak joan den ostiralean estreinatu zuen Lubaki lainotsua obraren emanaldiarekin abiatu zen baina, hala ere, okasiorako prestatutako programa osoa (aipatutako obra izan ezik) hilaren 28tik azaroaren 14ra bitartean gauzatuko da.

Aurtengo edizioan 14 ikuskizun taularatuko dira (horien artean lau estreinaldi). Plaza Nagusian azaroaren 1ean (13.00etan) ikusgai izango den Xabier Larrearen UP! ikuskizuna salbu, emanaldi guztiak Soreasu antzokian taularatuko dira. Era berean, Corrado Masacciren txontxongilo tailerra eta erakusketa izango dira azaroaren 14a bitartean (arratsaldez) Foru Ibilbidea kaleko udal aretoan.

Nagore Alkorta alkateak Antzerki Topaketen aurkezpenean gogorarazi zuenez, "iaz, osasun egoerak baldintzatuta bada ere, topaketei heldu eta kulturaren aldeko apostua egiten jarraitzea erabaki genuen, eta aurten ere, beharrezko protokolo guztiak betez, aretoak betetzea dagokigu ikusleoi". Hala, herritarrak animatu zituen antolatutako obrak ikustera gerturatzeko: "Kulturaz eta antzerkiaz gozatzea dagokigu; an-tzezle, sortzaile, teknikari zein kultur mugimenduko kideei hor gaudela esatea", esan zuen Alkortak.

Eneritz Albizu, Kultura batzordeburuak, berriz, Azpeitian ikusgai izango diren formatu eta izaera desberdineko antzerki emanaldien eskaintza zabala eta anitza azpimarratu zuen. Bere hitzetan, "Antzerki Topaketak denontzako plaza izan nahi du; konpainia kontsolidatuen plaza, konpainia berrientzako aukera eta herri antzerki edo antzerki talde amateurrentzako oholtza. Denetariko antzerki obrak eskaintzea da asmoa, denetariko ikus-entzuleen-tzako ikuskizunak izatea".

39. Euskal Antzerki Topaketen egitaraua azpeitia.eus web gunean ikus daiteke jada eta interesatuek web gune horretan bertan eros ditzakete sarrerak. Helduentzako sarreren prezio bost eurokoa da eta haurren ikuskizunetarako sarrerena hiru eurokoa.

2021-10-21T14:13:02+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo