Azpeitiko Udalak Bi sormen prozesu eta sei proiektu bultzatuko ditu aurt.engo Sormen Bekaren bitartez
Arlo ezberdineko 22 proposamen jaso ondoren (inoiz baino gehiago) Azpeitiko Udalak dagoeneko ezagutzera eman ditu aurtengo sormen beka jasoko duten proiektuak. Guztira bi sormen egonaldi eta beste 6 proiektu lagunduko dira 20.000 euroko diru partidarekin eta sortzaileek Dinamoa sormen gunea eta bere baliabideak izango dituzte eskura, beren nahi eta beharrei bide emateko.
Beka jaso dutenak zoriondu eta eskertu ondoren, Ainara Larrañaga Kultur Batzordeburuak aurtengoan disziplina ugaritako proiektu oso desberdinak jaso dituztela nabarmendu zuen aukeratutako proiektuak aurkezteko egindako agerraldian. Era berean, aukeraketa egitea "lan zaila" izan dela gaineratu zuen.
Aitor Bengoetxea Kulturaz Kooperatibako kideak, berriz, Dinamoa ezagutzera gonbidatu zituen beka jaso ez dutenei: "Berandu baino lehen etorri, azpiegitura ezagutu, ideia konpartitu eta saltseatzen hastera", esan zuen.
Bekadunak Mikel Ruiz da kultur sorkuntza bekaren onuradunetako bat. Honek Haratago proiektua garatuko du bekaren laguntzarekin eta horretarako Dinamoako serigrafía tailerrean egonaldia egingo du.
Dinamoan egingo den bigarren sormen egonaldia Gari Aranbarriren Hatz bat luzatzea, desiratzea da proiektuari egokitu zaio. Honek performance bat egitea du helburu "gorputza abiapuntu hartuta" eta horretarako azpeitiar sortzaileekin elkarlana ere bilatuko du.
Aipatutako bi sormen egonaldiekin batera, beste sei proiektu bultzatuko dira 2021eko sorkuntzaren bitartez.
Hala, Maialen Akizuk "hizkuntzaren performatibitatea landuz" ipuin-bilduma bat egingo du eta Maider Azurmendik eskultura oinarri izango duen Artez Artilez proiektua garatuko du. Horretarako artzaiek botatzen duten artilea erabiliko du: "Gauza askotarako erabilgarria izan daitekeelakoan nago eta Artearen bidez hori bisibilizatzea nahiko nuke", azaldu du.
Bestalde, Aitor Goenagak argazkilaritza analogikoari lotuta dagoen Zuhaitzak izeneko proiektua egingo du "gure gizarte kapitalista honetan egurrari eman zaion bizi maila txarra azaltzeko". Joseba Agirrezabalagak eta Alaitz Alberdik, berriz, duela zenbait urte hasitako Puzle proiektua osatu nahi dute eta horretarako "xilografia, pintura eta beste teknika ba-tzuk nahastuko ditugu".
Azkenik, Sara Etxeberriak eta Intza Larrañagak lau fanzine sortzeko asmoa dute, Damuak proiektuaren bitartez; eta Zorione Mendezek etxearen inguruko ikerketa bat egingo du Habitat proiektuaren bidez.