Gipuzkoa

Azpeitia: Kulturaz kooperatibak salgai jarri du 2023ko Kultur Bonua

Prezioa 70 eurokoa da eta interesatuek igandera arte eman dezakete izena Internet bidez
Datorren urteko bonua digitala izango da eta Kulturaz ‘app’-aren bidez erabili ahalko da.

Kulturaz kooperatibak herritarren artean urtero oso harrera ona izaten duen 2023ko Kultur Bonua jarri du salgai eta horietako bat eskuratzeko interesa dutenek datorren igandera arte eman dezakete izena kulturaz.eus web gunearen bitartez (izen-ematea online egingo bada ere, bonuak Sanagustin kulturgunean banatuko dira, aurrerago zehaztuko den egunean).

Orain arte bezala (Kultur Bonuaren ekimenak hamaika urte betetzen ditu) salgai jarriko diren bonuen kopurua mugatua izango da. Hori bai, aurtengoan ez da zozketarik egingo bonua eskuratzeko interesa agertzen duten herritarren artean eta “izena eman ahala emango dira”, azaldu dute Kulturaz kooperatibatik.

Edonola ere, “kultura herriratzeko xedez” datorren 2023ko Kultur Bonuaren prezioa 70 eurokoa da; baina Udalaren laguntzari esker ikasle, langabetu eta pentsiodunek %50eko deskontua izango dute “beharrezko dokumentazioa aurkeztuta”.

Bonu ‘digitala’

Datorren urterako kaleratutako Kultur Bonua digitala izango da eta Kulturaz app-aren bidez erabili ahalko da. Bertan, ekitaldietako sarbideaz gain erabileraren jarraipena emateko aukera izango da.

Kultur Bonuaren bidez, Sanagustin kulturgunean, Soreasu antzokian edota Dinamoa sormen gunean antolatutako sarreradun ekitaldiez doan gozatzeko aukera eskaintzen da. Bonua dutenek kontzertuetarako 10 sarrera, filmeetarako 10 sarrera, antzerki edo dantza emanaldietarako 6 sarrera, haurren ikuskizunetarako 6 sarrera eta kultur proiektu edo ikastaroetan parte hartzeko deskontuak izango dituzte. Bonu bakoitzarekin ekitaldiko bi sarrera (gehienez) hartu ahal izango dira. Ekitaldi guztietarako sarrerak aurrez hartu beharko dira kulturaz.eus atarian; eta ekitaldien sarreran app-aren bidez bonua erakustea derrigorrezkoa izango da.

13/12/2022