Gipuzkoa

Azpeitia: Lau gazte aukeratu dituzte Arkupehotsak berritua gauzatzeko

Musikariek formakuntza teknikoa eta artistikoa jasoko dute Dinamoan eta kontzertu bana eskainiko dute Sanagustinen
Arkupehotsak ekimenaren kartel bat, Dinamoan. | ARGAZKIA: KULTURAZ

Kulturaz kooperatibak asteazken arratsaldean eman zituen ezagutzera guztiz eraberrituta datorren Arkupehotsak egitasmoaren V. edizioa gauzatzeko aukeratu dituen musika sortzaile gazteak. Hauek Maialen Aristegi (Lasarte-Oria), Biken Larrañaga (Bergara), Eneritz Beraetxe (Iruñea) eta Lorea Zulaika (Ziortza-Bolibar) izan dira.

Berrikuntza gisa, aurtengo deialdia 16 eta 25 urte arteko sortzaileen partaidetzari mugatu da; eta sormen prozesuan parte hartzeko aukeratutako sortzaileek Sanagustin kulturgunean kontzertu bana eskaintzeko aukera izateaz gain, formakuntza teknikoa eta artistikoa jasoko dituzte.

Horretarako egonaldiak egingo dituzte Dinamoa sormen gunean eta bertan ireki berri den Soinuaren eremuko baliabideak erabili ahalko dituzte.

Formakuntza teknikorako musikari gazteek Eñaut Gaztañaga adituaren laguntza izango dute eta formakuntza artistikorako musikaren munduan eskarmentu handia duten Gartxot Unsain, Tomas Lizarazu eta Olatz Salvador izango dituzte bidelagun.

Kulturaz Kooperatibatik jakinarazi dutenez, sormen egonaldien bidez, “esperientzia osoago bat eskainiko zaie musikari gazteei: musika sortu, ikasi, prestatu eta plazaratzeko aukera bat”. Hori dela eta, “doinu berrien plaza ez ezik, laborategia, ikasteko eta esperimenta-tzeko espazioa” izango da guztiz eraberrituta datorren Arkupehotsak egitasmoaren aurtengo edizioa.

Azpeitiko Kulturaz Kooperatibak 2017an abiatu zuen Arkupehotsak proiektua eta ordutik dozenaka taldek zapaldu dute Sanagustin kulturguneko arkupeko oholtza. Bitartean, Kulturazek proiektua bera ere osatzen joan da, beti ere, “sortzaile berriei jardunerako tresnak eskain-tzeko, inguruko sortzaileak balioan jartzeko eta belaunaldi berriei plaza bat emateko”.

18/11/2022