Buscar
Gipuzkoa

Azpeitia: Liburu-denda irekitzeko bidea egiten ari da Kulturaz

Azpeitiko pilotalekuan kokatuko lirateke eta ez luke asmo komertzialik izango
Hainbat pertsona Elkar argitaletxearen liburu-denda batean. | ARGAZKIA: OSKAR GONZÁLEZ
Hainbat pertsona Elkar argitaletxearen liburu-denda batean. | ARGAZKIA: OSKAR GONZÁLEZ

Azpeitiko Kulturaz kooperatibak herrian liburu-denda bat irekitzeko aukera aztertzen ari zela aipatu zuen joan den otsailean egindako batzarrean.

Ordutik, hainbat hilabete pasa dira eta denbora horretan abiatutako lanketak bere bidea jarraitu du. Oraindik Liburu-denda Elkarlanean izena daraman proiektua gauzatzeko erabakia hartuta ez badago ere, zenbait pauso eman dira norabide horretan.

Azpeitiko Kultur Mahaiko Talde Eragileak herriko kultur komunitateari informazioa pasatzeko kaleratu duen azken boletinean jasotakoari eutsiz, “zaleekin, dendekin, Elkar fundazioarekin eta Udalarekin elkarlanean” liburu-denda bat irekitzeko egindako azterketa hiru ataletan banatu da: “zale eta irakurleen komunitatea dimentsionatu, eta aztertu bideragarritasun ekonomikoaren analisia eta sustapen dinamika”.

Dagoeneko Kulturazek komunitate bat sortu du proiektu horren bueltan: “ideia asko gustatu da eta ekarpen ugari jaso dira”, besteak beste, ekainean Sanagustinen herritarrekin egin zen bilera zabalean.

Egitasmoaren bideragarritasunari dagokionez, Kulturaz maiz bildu da Elkar fundazioarekin; eta horretaz gain, liburuak saltzen dituzten herriko hiru dendarekin (Pitinka, Mendata –lehen Belaetxe– eta Diart) akordio batera heldu da, Bertan merkatarien elkartearen bitartekaritzarekin.

Akordio horretan jasotakoari eutsiz, aipatutako denda horiek proiektuaren %50 izango dute eta Kulturazek, beste %50. Adostasuna lortuta, “juridikoki eta administratiboki nola elkartu aztertzen ari gara orain”, azaldu dute Kultur Mahaitik.

Horretaz aparte, Udaleko Kultura Batzordeak aho batez ontzat jo zuen egitasmoa irailean egindako bilera batean (Kulturazek komunitatea, bideragarritasuna eta dinamizaziorako asmoak azaldu zituen bertan).

Edonola ere, Kulturazek orain egitasmoa gehiago sakondu nahi du; eta horretarako kultur taldeekin egoten ari da eta norbanakoen ekarpenak ere jaso nahi ditu.

Helburuak eta egoera

Liburu-denda pilotalekuan kokatuko litzateke, lehengo apaizetxean, behean. Horretarako obrak egin behar dira, eta “momentuz ez dago eperik”. Hori bai, Kulturazek aztertu ditu jada dendak berrikuntzak izateko bidea eta teknika, Elkar fundazioaren eskutik.

Liburu-denda irekitzearen helburuak bi dira: “Azpeitiari hitza (euskara) eta literaturaren bueltan zerbitzu bat ematea” eta “Soreasuko Hitzaren eremua indartzea, herritar foroa eratuz”. Beraz, egitasmoak “ez du asmo komertzial edo ekonomikorik”.

2022-11-01T20:25:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo