Azpeitia – Azken hilabeteotan hainbat ekintza burutu ondoren, Azpeitiko Sanagustin kulturgunearen hamargarren urteurrena ospatzeko sortutako Herri Batzordeak joan den larunbatean egin zuen urtemugaren harira prestatutako egitarauaren ekitaldi nagusia.
Pandemiak eragindako osasun egoerara moldatuta egin bazen ere, bertsoz, musikaz, irudiz, antzerkiz eta kantuz hornitutako ekitaldia izan zen larunbatekoa eta bertan parte hartu zuten herriko erakunde eta eragile ezberdinetako ordezkariek kulturgunea sortzeko eman ziren pausuak, ekipamenduak berak egindako ibilbidea eta Sangustinek etorkizunerako dituen erronkak azaldu zituzten.
Agerraldi guzti horietan esandakoa laburbilduz (Olatz Prat, Azpeitiko Kultur Mahaiaren lehendakariak, Jose Luis Otamendi, Kulturaz kooperatibaren lehendakariak, eta Nagore Alkorta alkateak hartu zuten hitza) "kulturguneak ibilbide oparoa izan du bere bizitzaren aurreneko hamar urteotan baina gutxienez beste hamaika urte ospatzeko prest da".
Ekitaldia Joan den larunbatean Sanagustinera gerturatu ziren gonbidatutako herritarrek bertsoez, musikaz, antzerkiaz eta kantuez gozatzeko aukera izan zuten. Izan ere, Leire Ostolaza bertsolaria, Iraia Bereziartua biolin-jotzailea, musika eskolako eta antzerki eskolako ikasleak eta Azketa ahots taldeko kideak igo ziren kulturguneko oholtzara.
Gainera, Herri Batzordeak Sanagustineko hamargarren urteurrenaren harira egindako kapsulen bideo bilduma aletzen joan ziren elkartutakoentzako mokadutxo batekin amaitu zen ekitaldian zehar.
Egindakoa eta egiteko dagoena Olatz Prat, Kultur Mahaiaren lehendakariak, bere agerraldian gogoratu zuenez, Sanagustinek 2010eko abenduan ireki zituen ateak "Kultur Mahaiak eta udalak lan handia eginda". Era berean, Pratek gogorarazi zuen handik gutxira "oraingo Sanagustin, Azpeitiko kultur mugimenduak sortutako kooperatibak kudeatua, egitarau iraunkor batekin eta ostalaritzarekin" jarri zutela martxan.
Praten ustetan, herriko kultur mugimenduarentzat ez ezik, Sanagustinen irekiera Azpeitiarentzat ere "mugarria" izan zen, "herriari bizi handia eman diolako". Sanagustin kulturgunearen ereduari batu zaizkion Soreasu antzokia eta Dinamoa sormen gunea ere aipatu zituen Kultur Mahaiaren lehendakariak, eta plazako kulturgunearen hamargarren urteurrena ospatzeko prestatutako egitarauari errepasoa egin zion.
Jose Luis Otamendi, Kulturaz kooperatibaren lehendakariak ere kulturguneak egindako bidea eta etorkizuneko erronkak mintzagai izan zituen baina, hasteko, joan den astean hil zen Joakin Aizpuru, Kulturazeko langile eta bazkide Lurdes Irazustaren senarrarentzat hitz sentituak izan zituen: "Joakin, Lurdesen senar eta Maitane langile ohiaren aita izateaz gainera, Sanagustin kulturgune honen lagun eta laguntzaile nekagaitza izan dugu urte hauetan guztietan", esan zuen.
Sanagustin kulturguneari dagokionez, "duela hamar-hamabost urte ia-ia pentsaezina ere bazirudiena, aurrera atera dugu denon artean", adierazi zuen Kulturazeko lehendakariak, eta denbora tarte horretan herriko kultur giroak eta dinamikak zein kultur eragileen eta Udalaren arteko harremanak izandako bilakaera nabarmendu zituen.
Amaitzeko, Nagore Alkorta alkateak hartu zuen hitza. Hasteko, kulturguneko proiektuaren "balioa eta edertasuna" jarri zituen mahai gainean eta horren ondoren herriko kultur mugimenduan izandako "aldaketa askoren motorra" izan dela azpimarratu zuen.
Alkatearen ustetan "Azpeitiko kultur dinamikak etorkizun oparoa du" eta etorkizun hori bermatzeko "baliabideak ere bai".
Azpeitiko alkatearen ustetan herriko kultur dinamikak "etorkizun oparoa du" eta hori bermatzeko behar diren "baliabideak ere bai"