Azpeitia – Azpeitiko Udalak 2021eko Ekonomia Sustatzeko diru laguntzak banatu ditu eta iazko deialdian aurkeztutako 168 eskaerek jaso dute laguntza. Guztira 500.000 euroko inbertsioa egin zuen Udalak 2021. urtean herriko sektore ezberdinak laguntzeko. Diru partida horrekin "lehen sektore eta zerbitzuetako 103 proiektu, 26 proiektu industrialak, ekintzailetasuneko 13 proiektu eta 26 kontratazio lagundu dira".
Udaletik azaldu dutenez, Ekonomia Sustatzeko iazko diru laguntzak lau lerro nagusietan banatu dira: lehen sektorea eta zerbitzuak laguntzeko, industria proiektu estrategiko edo berritzaileak sustatzeko, ekintzailetasuna bultzatu edota ekintzailetza proiektuak garatzeko eta azpeitiarren kontratazioak diruz laguntzeko.
Gainera, "covid-19ak eragindako alarma egoerari aurre egiteko eginbeharreko inbertsioetarako eta sortutako kalteak arintzeko laguntzak gehitu zitzaizkion ohiko lerroei".
Edonola ere, zerbitzu eta lehen sektorea sustatzeko lerroan 103 negozio lagundu dira eta 117.640 euro bideratu dira horretara. Laguntzak kontzeptu desberdinetarako bideratu dira: "TicketBAI sistema ezartzeko 25 laguntza eman dira, 28 laguntza inbertsioetarako, covid-19aren prebentzio gastuei aurre egiteko 27, alokairu berria delako edo alokairuagatik hobaria 26rek jaso dute, 7 lagun-tza eman zaizkie jarduera berriagatik, lehen sektorea indartzeko 4 laguntza ere eman dira eta bertako kontsumoa sustatzeko bi laguntza eman dira".
Industria-proiektu estrategikoak eta berritzaileak, enplegua sortu edo mantentzen duten eta garapen jasangarria bultzatzen duten inbertsio proiektu eta genero berdintasuna sustatzeko lerroan 26 enpresa lagundu dira diruz eta 257.259 euro inbertitu dira horretarako: "18 laguntza proiektu industrialak diruz laguntzeko izan dira, inbertsioetarako 7 laguntza bideratu dira, eta enpresa baten sorrera ere lagundu da diruz".
Gizarte-ekonomian eta izaera estrategikoa edo berritzailea duten jardueretan enplegua sortzeko ekintzailetasunerako lerroaren bidez, 13 proiektu lagundu dira 50.000 eurokin.
Azkenik, enplegua sustatzeko eta langabeak (batez ere, emakumeak eta 45 urtetik gorakoak) kontratatzeko lerroan 26 langileren kontratazioak lagundu dira 66.350 eurokin.