Gipuzkoa

Azpeitiak dena prest dauka Santo Tomas eguna pandemia aurretik bezala ospatzeko

Udalak egitarau zabala antolatu du datorren asteazkeneko jai egunerako
Azpeitiko plaza jendez gainezka 2019ko Santo Tomas egunean.

Covid-19ak eragindako bi urteko etenaren ondoren, Azpeitiko herriak pandemia aurretik egiten zuen bezala ospatuko du aurtengo Santo Tomas eguneko festa. Udalak oraindik ez du datorren asteazkenean ospatuko den jai egunaren aurkezpen ofizialik egin baina egun horretarako prestatutako egitaraua dagoeneko heldu da etxebizitzetako buzoietara.

Udalak kaleratutako egitarauari eutsiz, aurtengo Santo Tomas egunean Azpeitian ohikoak izaten diren ekitaldi guztiak izango dira bueltan: kalejirak, musika emanaldiak, baserritarren azoka, herri kirolen jaialdia, bertsolariak, erraldoi eta buruhandien kalejira eta dantza txapelketa.

Esan beharrik ez dago egun horretan ere ezinbestekoak diren txistorra eta txorizo taloak dastatzeko hainbat postu izango direla Plaza Nagusian.

Egun osoko festa

Santo Tomas eguna dela eta, festa giroa izango da nagusi Azpeitian hilaren 21ean zehar.

Jardunaldiari hasiera emateko Izarraitz txistulari taldearen diana egongo da 10.00etan eta ordu berean Patxi Azkargorta zenaren oroimenezko pilota txapelketaren finalak hasiko dira Izarraitz pilotalekuan. Ordurako goizean zehar egingo den udazkeneko azoka bereziaren postuak martxan egongo dira Azoka Plazan.

Bestalde, 11.30etik aurrera Udal Musika Bandaren, Eltziegoko gaiteroen eta Juan Antxieta musika eskolako soinu jotzaileen kalejirak izango dira erdigunean zehar; eta eguerdian goi mailako herri kirolen jaialdia hasiko da Plaza Nagusian. Aurtengoan Mikel Larrañagak, Iker Vicentek, Udane Ostolazak, Goenatxo III.ak eta Aimar Irigoienek hainbat lan egingo dituzte aizkoran eta harri jasotzen.

Jaieguna girotzen jarraitzeko, Itsasiko ttuntturroen eta Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearen kalejirak izango dira eguerditik aurrera; eta 13.00etan Aner Euzkitze, Ane Zuazubiskar eta Unai Agirre bertsolarien saioa izango da plazan (gai-jartzaile lanetan Xebastian Lizaso ariko da). Horretaz aparte, erraldoiak, buruhandiak eta Eltziegoko gaiteroak kalez kale ibiliko dira 13.00etatik aurrera.

Edonola ere, Santo Tomas eguneko programa ez da hortan geratuko eta arratsaldean beste hainbat ekintza izango dira. Hala, Skapaie elektrotxarangaren kalejira egongo da 18.00etan eta ordu erdi beranduago Gazteen XXI. Dantza Suelto Txapelketa abiatuko da Soreasu antzokian. Jai eguna borobiltzeko Josu Rodriguez eta Asier Hernandez DJak ariko dira plazan musika jartzen, 16.00etatik 22.00etara bitartean, hain zuzen ere.

17/12/2022