Azpeitiko Udala indarkeria matxistarik gabeko jaien alde agertu da saninazioen atarian; eta erasoen prebentzio, sentsibilizazio, informazio eta arretarako kanpaina abiatu du. Aurtengoa Nik xinisteñat lelopean gauzatuko da eta bere helburua “indarkeria sexista, indarkeria sexual eta LGTBIQ+ fobiari aurre egitea” da.
Idoia Arrizabalaga Berdintasun arloko zinegotziak eta Uxana Agirresarobe, sail bereko teknikariak, festa inguruan gerta daitezkeen erasoei aurre egin edo erantzun ahal izateko informazio, sentsibilizazio eta arreta kanpaina honen nondik norakoak azaldu zituzten udaletxean egindako aurkezpenean.
Arrizabalagaren hitzetan, “Udalarentzat ezinbestekoa eta estrategikoa da erasoen inguruko prebentzio lana egitea. Urte osoan zehar aritzen gara prebentzio lanean proiektu, ekintza eta bestelakoak antolatzen eta gaian sakontzen, Emakume Txokoarekin elkarlanean”.
Uztailean, festei begirako lanketa eta prebentzio lana indartu dutela gaineratu zuen (hitzaldi, bilera eta autodefentsa tailerrak egin dira): “Tabernariei ere tabernan erasoren bat gerta-tzen den kasuan jarraitu beharreko protokoloaren inguruko informazioa ere bidali diegu”, gaineratu zuen.
Edonola ere, aurretik sentsibilizazioan eragiteko egindakoaz gain, festa egunetan ere erasoen inguruko lanketa, informazio eta arreta eskainiko da egunero. Horretarako karpa bat jarriko da eta festak iraun bitartean arratsaldetik goizaldera zabalik egongo da informazioa eta arreta eskainiz, Plaza Txikian, hain zuzen ere.
Herritarrei festez “libre, gustura eta nahi bezala ospatzeko” deia ere egin nahi izan zien “baina aldi berean, elkarzaintzarako deia ere egin nahi dugu; erasoren bat sumatu edo ikustean elkarbabestu dezagun”.
Erasorik Gabeko Gunea
Uxana Agirresarobe Berdintasun teknikariak festetako kanpaina eta karparen inguruko xehetasunak azaldu zituen.
Indarkeria Matxistarik gabeko Gunea hilaren 30ean eta 31n eta abuztuaren 1ean egongo da irekita Plaza Txikian. “Karpak helburu bikoitza du; batetik, festen testuinguruan gaiak espazio publikoan presentzia izatea, eraso matxisten kontrako kontzien-tziazio lana burutuz; eta bestetik, erasoren bat jaso duen emakumeren baten lehenbiziko artatze espazioa izateko aukera ahalbidetzea”.
Karpan, gaian adituak diren profesionalak izango dira eta bertan, erasoen inguruko informazioa eta aholkularitza eskainiko dute: “Edozein duda, aholkularitza, behar, eraso edo antzekoen aurrean, herritarrei karpara etortzeko deia egiten diegu”, esan zuen Agirresarobek.