Gipuzkoa

Azpeitiak jarraipena emango dio Gazte Kirol programari

Ekintzak zehazteko eta izena emateko bilera irekia egingo da hilaren 20an kiroldegian
Nerabe bat Azpeitian egokitutako skatepark berrian. | ARGAZKIA: N.G.

Udalak jakinarazi du jarraipena emango iaz herriko ikastetxeren eskutik martxan jarri zuen Gazte Kirol programari. Hori dela eta, DBHko ikasleek ariketa fisikoa egiteko zerbitzua izango dute eskura.

Udaletik gogorarazi dutenez, Lehen Hezkuntza bukatzearekin bat buka-tzen da Eskola Kirola eta horregatik jarri zen abian Gazte Kirola, “Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako mailetan gazteei herriko kirol baliabideak zein diren eta herrian kirola egiteko zein aukera dituzten erakusteko helburuarekin”. Are gehiago, egitasmo horren bitartez “DBHko gazteak herriko edozein esparrutan haien kasa ariketa fisikoa modu osasuntsu batean egin ahal izateko hezi nahi dira”.

Iazko esperientziaren ondoren, programari jarraipena ematea da helburua, eta horretarako, izen-ematea irekita dago: “Aurtengoan, herrian dagoen federatutako kirol-eskaintzaz gain, jarduera fisiko eta kirol ekintza ezberdinak probatzeko aukera eskainiko zaie 12-16 urte bitarteko neska-mutilek beren aisialdia modu aktibo, osasungarri eta lagunartean garatu ahal izateko”, azaldu dute Udaletik.

Astean saio bat izango da (19.00etatik 20.30era) herriko kirol instalazio desberdinetan eta ekintza desberdinak egingo dira: paddle, boleibola, judo-karate... Parte hartu nahi duten gaztetxoek 15 euroko kuota ordaindu beharko dute hileko. Edonola ere, programan interesa dutenei zuzendutako bilera izango da hilaren 20an, 19.00etan, kiroldegian. Bertan, programaren nondik norakoak azaltzeaz gain, ekintza programa zehaztuko da; eta izena emateko aukera ere izango da. Egun horretan hurbildu ezin dutenek 943 813 069 telefonoan, azpeitigazteKP@gmail.com e-postan edo @gaztekirol instagram kontuan izango dute izena emateko aukera.

Etiquetas
11/09/2022