Buscar
Gipuzkoa

Azpeitiako Euskara Plana osatuta, Euskararen Mahaiaren unea da

Lehenengo bilera Basazabalen izango da, otsailak 8an
Egitasmoaren partaide batzuk, aurkezpenaren ostean. | FOTO: A.U.
Egitasmoaren partaide batzuk, aurkezpenaren ostean. | FOTO: A.U.

Hilabeteetako lanketa ostean, aste honetan aurkeztu da 2023-2026 epealdirako Azpeitiko Euskara Plana herritarren artean. Aurkezpenean prozesuan parte hartu duten herriko hainbat eragiletako ordezkariak eta norbanakoak izan ziren bileran.

Bileran azaldu zenez, planak hiru erronka eta bost lan ildo nagusiak ditu. Lehenengo erronka euskara biziberriberritu ikuspegi komunitariotik lantzea lortzea da, eta lan ildoak honako hauek dira: gobernantza partekatuaren bidezko antolaketa, alde batetik, eta bizikidetza eraikitzea euskara erdigunean jarrita eta bestelako hizkuntzak kontuan hartuta, bestetik. Bigarrengo erronka hizkuntza portaera kontzientea duten herritarrek saretzea, eta lortzeko kontzientziazioa eta sentsibilizazioa landu beharko da. Hirugarren eta azkenengo erronka ‘Euskaraz bizi den herria’ idea du abiapuntu bezala. Kasu honetan euskararen erabilerari eustea, gune gehiagotara areagotzea eta euskararen ezagutza bultzatzea dira lan ildoak.

150 herritar inguruk hartu dute parte euskara plana osatzeko prozesuan, hainbat ekarpen eginez. Osatzeko, aurrez aurreko sei saio egin ziren iazko urrian 55 lagunen partaidetzarekin. Etxe guztietara inkesta bat ere banatu zen herritarrek ekarpenak egiteko eta 89 herritarren iritzi eta hausnarketak jaso ziren. Eneritz Albizu Euskara batzordeburuak eskertu nahi izan zuen parte hartzaileak izandako jarrera. “Plana zuek egin duzue, herritarrok esandako eta hausnartutako arloetatik sortu da. Orain abian jartzea eta jarritako lan ildoak eta erronkak betetzeko ekitea dagokigu. Hori ezin du udalak bakarrik egin, guztion elkarlana ezinbestekoa da euskarak atzerapausorik eman ez dezan Azpeitian”.

Behin plana osatuta, betetzeko eta jarraipena emateko unea heldu da. Horretarako ezinbestekoa da Euskara Mahaia osatzea eta hori da helburua une honetan. Euskara Mahaian urtean hiru bilera egitea proposatzen da: urtearen hasieran, urteko plangintza osatu eta onartzeko; maiatzean, jarraipena egiteko; eta urtearen bukaeran, balorazioa egiteko. Ordu eta erdi inguruko bilerak egingo dira eta bilera praktikoak izango dira. Euskara Mahaia osatzeko lehen bilera otsailaren 8an egingo da, 18.30ean, Basazabalen. Bilera horretara, aurrez eragileekin hitz eginda 2023rako plangintza proposamena emango da, bertan adostu eta martxan jartzeko.

2023-02-04T03:39:08+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo