Azkenean eguraldia ez da azpeitiarren aurka egon eta San Sebastian egun handia espero baino baldintza hobeetan ospatzeko aukera izan dute. Goizeko ekitaldi tradizionalen ondoren, haurrak izan dira benetako protagonistak atzo Azpeitian.
Goiz-goizetik hasten dira ekitaldiak San Sebastian egunez Azpeitian, nahiz eta herritar asko oraindik iratzarri gabe egon gau luzearen ondoren. Bi urteko etenaren ostean, berriz egin dira parrokiako danborrada eta elizkizun bereziak. Hala, 9.00etan Frantziskanetako elizan meza eskaini du Kepa Susperregi erretoreak, eta 10.30ean, prozesioa egin da Alde Zaharrean.
Parrokiara iristean, han ziren Ardozaleak eta Gure Ametsa elkarteetako zein musika bandako kideak. Tradizioak agintzen duen moduan, San Sebastian Martxa jo dute elizara sartzean.
Goizeko ekitaldien ondoren, haurrak bihurtu dira jaun eta jabe. Azken unera arte kolokan eta eguraldiaren menpe egon da ospakizuna, baina azkenean bete-betean asmatu dute.
Hamar taldek eta denera 500 neska-mutilek parte hartu dute gaurkoan haurren danborradan. Guztiak ere gogotsu ziren herriko kaleak danbor hotsez girotzeko. Parte hartu dute Itsasi kultur taldeak, Juan Antxieta musika eskolak, Iraurgi ikastetxeko Zumalakarregi taldeak, Iraurgi ikastetxeko mikeleteak, Iraurgi ikastetxeko ezpatadunak, Karmelo Etxegarai Ikastolako napoleoi gorriak, Karmelo Etxegarai Ikastolako bizkaitarren tertzioak, Karmelo Etxegarai Ikastolako napoleoi urdinak, Ikasberri Ikastolako sukaldariak eta Ikasberri Ikastolako Gipuzkoako tertzioak.
Ohiko moduan, Olazko Andre Mariaren plazatik irten dira danbor-jole txikiak; talde batzuk Arana kaletik eta Bustinzuriko Errebaletik jaitsi dira, eta besteak, berriz, Artzubitik igo dira. Desfiles itxi zuen Aitor Expositok egindako karrozak. Aurten Azpeitiko Antzerki Topaketen 40. urteurrenari eskaini dio diseinua eta haren gainean Ikasberri Ikastolako umeak joan dira. Karrozaren atzetik inudez, mikeletez eta abarrez jantzitako neska-mutilak izan dituzte lagun.
Alde Zaharreko kaleak igaro ondoren, danborrada plazara ailegatzean omenaldiaren unea iritsi da. Azpeitiko Udalak Juan Antxieta musika eskolako kideak omendu nahi izan ditu, musika eskolak 40 urte betetzen dituelako eta musikak sansebastianekin duen lotura balioan jarriaz.
Ez dira izan, ordea, eguneko danbor hots bakarrak. Sansebastianak 24 orduz bete-betean bizitzeko jaiak dira eta gauean banderaren jaitsiera ekitaldia egingo da. Aurten, Gastadoreak, Zulozabal, Loiolatxo, Itsasi, Harkaitza eta Etxera taldeei lana izan da danborrada egitea, baina ostirala izanik, beste bi talde ere batu dira festara: Basazabal eta Iraurgi SB.
San Sebastian aurten ostiralez ospatu denez, jai giroa asteburura ere zabaldu nahi izan du Azpeitiko Udalak. Horrela, bihar musika izango da protagonista nagusia. Willis Drummond, Ro eta Trini Fox taldeen kontzertuak izango dira 22.00etan Sanagustin kulturgunean.
Igandean, aldiz, Zezen Beltzek antolatuta, sokako zezen txikia izango da 12.00etan Erdikaletik plazara. Ondoren, Bergarako Zezenak ganadutegiko zezen txikiak eta poniak izango dira plazan eta aurtengo sansebastianekin amaitzeko sokamuturra antolatu dute, 16.30ean, erdikalean hasita. Ohiko ibilbidea izango du 20.00etara bitartean.